2018ko Anton Abbadia saria Ahotsak.eus proiektuarentzat izango da
2018ko aza. 12a, 11:57
Aurtengo Abbadia Saria Euskal Herriko Ahotsak proiektuari emango diola jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskararen alde egin duen lana saritu nahi du, 15 urteko ibilbide oparoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen Anton Abadia saria guretzat izango da aurten! Ahotsak.eus proiektua sarituko dute, euskararen alde egiten dihardugun lanarengatik. "Euskal Herri guztiko eta euskalki guztietako ahozko testigantzak etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik sarean", horrexegatik sarituko gaituztela esan du Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, gaur goizean. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Sariak ilusio izugarria egin digu. Are gehiago harrezkero jaso ditugun zorion eta eskertza-mezu amaigabeek. Eskerrik asko guztioi, sarean denona da eta!
Markel Olanok ere zoriondu gaitu, Twitter bidez:
Zorionak @ahotsak eta atzean duen lantalderi! Abbadia sariarekin ondo merezitako aitortza jasoko du https://t.co/nPteJoqtkQ-ek, berealdiko ekarpena egin dutelako, euskararen ahozko testigantzak sarean etengabe jasotzen eta eskumen librean jartzen. Zorionak! pic.twitter.com/88smeSRrL6
— Markel Olano (@markelolano) 2018(e)ko azaroaren 12(a)
Azaroaren 30ean izango da sari banaketa. 15 urteko ibilbidea sarituko dute. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Euskal Herriko Ahotsak. Badihardugu euskara elkartearen proiektu nagusia da. Pertsona askoren lanari esker egin du aurrera, elkarlanean oinarrituta: "Guztion artean, guztiontzat", horixe da gure leloa.
Orain arte 5.700 pertsona baino gehiagoren testigantzak jaso ditugu, 350 herritan. 51.000 bideo pasarte daude sarean, gaika sailkatuta, interesa duenaren eskura. Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxiboa da, on-line dagoena. Bertan, guk egindako elkarrizketez gainera, beste hainbat elkarte eta norbanakok egindako grabazioak ere badaude. Guztira 200 proiektu baino gehiago.
Ahotsak.eus webgunean jasotako testigantzen transmisioa egiteko, hainbat bide jorratu ditugu azken urteotan. Nagusienak hauexek: Ikasgelan webgunea (ahozko ondarea ikastetxeetan lantzeko), Gerrako Ahotsak (Oroimen Historikoa) eta Gazte Gara Gazte proiektua (gazteen aisia eta euskara). Guztira gaikako 100 bideo baino gehiago sortu ditugu, eta hainbat dokumental labur.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Anton Abbadia Saria, 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Sariak Anton Abbadia euskaltzalearen izena hartu zuen, hark euskararen alde egindako lana aintzat hartuta.
Mila esker proiektuan parte hartu duten guztiei. Elkarrizketatuei bereziki, baina baita 15 urteotan gurekin jardun duten langile, laguntzaile eta kolaboratzaile guztiei ere. Saria zuena ere bada. ESKERRIK ASKO!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.