Ahotsak-en hitzaldia nagusien euskararekiko jarreraz
2012ko eka. 20a, 11:06
Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik mintegian hitzaldia emango dute Ahotsak-eko bi kidek. Mintegi hori ekainaren 27an, 28an eta 29an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, EHUko udako ikastaroen barruan.
Euskararen memoriak d(it)uen ahotsa(k) da Ahotsak egitasmoko Idoia Etxeberriak eta Juan Martin Elexpuruk emango duten hitzaldiaren izenburua. Hiztunen euskararekiko pertzeptzioak azaltzea da helburua, euskarari buruzko iritziak, kezkak eta beldurrak: erdararen eragina, euskararen zapalkuntza, norberaren euskarari buruzko ikuspegia, euskalkien pisua, euskara batuaren sorrera, euskara onaren ereduak... Hamaika ataletan banatu da hitzaldia, eta adinekoen hainbat bideorekin ilustratuko da atal bakoitza. Ahotsak egitasmoan jasotako testigantzak izango dira denak ere, Euskal Herriko toki askotako adineko hiztunenak.
Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik mintegia Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean antolatu dute. Hiru egunekoa izango da, eta hainbat lagunek parte hartuko dute. Jone Miren Hernandez antropologoa da zuzendaria.
Ikastaroko egitaraua eta xehetasunak Sustatun eta gipuzkoa.net-en.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.