Ahotsak-en bildutako hitzak Mihiluzeko "Tribuaren berbak" proban
2012ko eka. 20a, 12:10
Ekainaren 18ko Mihiluzeren saioan, ahotsak.com-en bildutako hitzak jolas bihurtu ziren. Gure eskerrik beroenak Mihiluzeko lantaldeari, euskararen alde egiten duten lan ederrean guri ere parte hartzen utzi izanagatik!
Ahotsak.com-en, urteak daramatzagu aitona-amonekin lanean, haiek oparitzen dizkiguten jakinduriazko harribitxiak biltzen. Herririk herri, etxerik etxe, kontu zaharrak batzea izaten dugu helburu; baina, nolanahi ere, beti harritzen gaituzte istorio berriekin. Altxor-biltzaileak gara, baina ez dugu leku urrunetara eta exotikoetara joan beharrik izaten ezer bilatzeko; hemen ditugu, gure alboan, denborak ondu eta aberastutako pieza paregabeak: gure adinduak.
Altxor hori, baina, ez da ahotsak-ena, denona baizik. Eta hori konpartitzeko asmoz, Mihiluzera bidali genuen hitz-zerrenda bat, deigarri gertatu zitzaigun lexikoarekin. Ekainaren 18an, hitz horiek jolas bihurtu ziren “Tribuaren Berbak” proban. Hona hemen, beheko bideoko 7. minutu inguruan, momentu hori.
Eskerrik asko Mihiluzeri, material honi balioa eman eta denen eskura jarri izanagatik; eskerrik asko euskararen alde egiten ari diren lan eskergarengatik.
Txaparro nahiz bainujantzi, justuria nahiz tximista, egin dezagun berba, hitz nahiz blagan euskaraz!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.