Ahotsak-eko testigantzak ikastoletako ikasmaterialean
2014ko uzt. 21a, 08:22
Lankidetza hitzarmena sinatu dugu Ikaselkar argitaletxearekin, euren ikasmaterialean Ahotsak.com-eko testigantzak erabiltzeko.
Ikastoletako ikasmateriala Ikaselkar argitaletxeak prestatzen du, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek osatutako argitaletxeak. Ikastoletan ez ezik, hainbat ikastetxe publiko eta kontzertatutan ere erabiltzen da ikasmaterial hori. Materialgileek etengabe eguneratzen dute, eta azkenaldian Ahotsak.com-eko testigantzak txertatzen ere badabiltza, EKI proiektuan. Lankidetza hitzarmena sinatu dugu Ikaselkarrekin, bide horretan elkarlanean jarraitzeko.
2010. urtetik proiektu pilotoak dauzkagu hezkuntzan, hainbat herritako ikastetxeetan. Helburua: transmisioa etxeko sukaldetik ikasgelara eramatea. ikasgelan.ahotsak.com webgunea sortu genuen horretarako. Erabilera libreko webgunea da, interesa duen irakasle ororen esku dagoena. Jasotako ondarea ahalik eta ikastetxe gehienetan erabiltzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Horregatik, denbora daramagu Ikastolen Elkartearekin harremanetan. Iaz hasi ziren Ahotsak-eko testigantzak erabiltzen, DBHko 1. eta 2. mailan, Euskara eta Gizarte Zientziak ikasgaietan; EKI proiektuan, hain zuzen ere. Aurrera begira bide hori egonkortzea erabaki dugu. Indarrak batuta lan hobea egingo dugu, seguru.
Aurreko ostegunean sinatu genuen lankidetza hitzarmena, Ikaselkarren egoitza nagusian, Donostian. Ikasmaterialaren egileen eta Ahotsak.com-eko hezkuntzako proiektuko arduradunaren artean komunikazio kanal egonkorra sortzeko konpromisoa hartu genuen, erkarlanean ikasmaterialerako ahalik eta testigantza egokienak aukeratzeko. Ikaselkarretik Mikel Arrizabalaga, Leire Zugasti eta Agurtzane Ortiz izan ziren bileran. Euskal Herriko Ahotsak proiektutik, berriz, Idoia Etxeberria eta Nerea Goiria.
Irudian, Agurtzane Ortiz, Mikel Arrizabalaga eta Idoia Etxeberria, lankidetza hitzarmena sinatzen.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.