Ahotsak proiektuko 300 bideo igoko ditugu Euskarazko Wikipediara
2018ko mai. 14a, 14:50
Hitzarmena egin dugu Wikipediarekin, Ahotsak.eus proiektuko bideoak sareratzeko: ahalik eta herri gehienetako euskararen adibideak igoko ditugu, 2018an zehar.
Hitzarmena sinatu dugu gaur Euskarazko Wikipediako eta Ahotsak.eus proiektuko kideok. Aurten 300 bideo inguru igoko ditugu Wikipediara. Tokian tokiko euskararekin lotutako bideoak izango dira: Euskal Herriko ahalik eta herri gehienetako euskarazko testigantzak.
Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus proiektuaren helburua, adinekoei jasotako jakintza hori modu librean ezagutaraztea. 346 herritako 5.657 pertsonaren testigantzak dauzkagu jasota, guztira 49.883 bideo pasarte on-line jada. Akordio honi esker, herrian herriko pasarte onenak identifikatu eta Wikipediara igoko ditugu; euskalkien ezaugarriak ere jarriko ditugu. Irati Lizeaga izango da wikilari egoiliarra, eta abendua bitarte ibiliko da langintza horretan.
Wikipedian kehendik ere bazeuden gure bideo pasarte batzuk, beste wikilari batzuek txertatutakoak. Adibidez, “Euskara batu” artikuluan, “Euskadi Ta Askatasuna” artikuluan edo “Euskararen debekua“ri buruzkoak. Hitzarmenarekin, hori bai, bi proiektuen arteko lankidetza sendotu eta egonkortu egingo da. Azken batean, Euskal Herriko ondarea eta euskarak duen aberastasuna zabaltzea baita bion helburua.
Wikipediako Galder Gonzalezen esanetan, Ahotsak.eus "altxorra da, benetako altxorra: milaka pertsona horiek euren pasarteak aipatzeak garrantzia berezia du etorkizunerako. Alde batetik euskararen aldaerak, esamoldeak eta moduak jasotzen direlako; bestetik, pertsona horien testigantzek herriaren historia eraikitzen laguntzen digutelako". Ikus Wikipedian gaurko akordioari buruz idatzi duten albistea.
Argazkia: Galder Gonzalez, Euskarazko Wikipediako arduraduna, eta Ahotsak.eus proiektuko Irati Lizeaga eta Idoia Etxeberria.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.