Ahotsak-ek 10 urte: Jaialdia Elgetan martxoaren 15ean

2013ko mar. 6a, 07:55

Euskal Herriko Ahotsak proiektuak aurten 10 urte bete ditu, eta www.ahotsak.com webgune honek berak bost. Hori ospatzeko, eta orain arteko ibilbidea laburtzeko, jaialditxo bat egitea pentsatu dugu. Elgetako Espaloia kafe antzokian izango da, martxoaren 15ean, ostirala, arratsaldeko 18:30ean. Eta zu ere bertan izatea nahiko genuke! Gonbidatuta zaude, jakina! Izan ere, Ahotsak guztion artean egiten dugu, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu!

Denbora azkar igarotzen dela! Dagoeneko 10 urte igaro dira Euskal Herriko Ahotsak proiektu honek bere lehen urratsak eman zituenetik. 2003. urtea zen, eta orduan hasi ginen lehenengo elkarrizketak egiten Bergara aldean. Harrezkero, gutxinaka-gutxinaka, proiektua handitzen eta sendotzen joan da, gaur egungo neurria eta itxura hartu arte.

Harro gaude egindako lanaz, eta harro gaude, batez ere, bidean aurkitu ditugun lagun guztiekin. Izan ere, zuen guztien laguntzarik gabe, Ahotsak ez zen oraingo laurdena ere izango.

Horregatik, proiektuak aurten 10 urte bete dituelako (eta webgune honek beste bost) jaialditxo bat egitea pentsatu dugu. Hasiera batean, prentsaurrekoren bat egiteko asmoa genuen, baina azkenean pentsatu dugu hobeto dela urteurrena jai giroan ospatzea, eta ez prentsaurreko aspergarri bat egitea ;-)

Ekitaldia martxoaren 15ean izango da, arratsaldeko 18:30ean, Elgetako Espaloian.

Eguna: Martxoak 15, ostirala
Ordua: 18:30
Lekua: Elgetako Espaloia Kafe Antzokia

Bertan, 10 urteotako ibilbidearen laburpena egingo dugu, webgune berritua erakutsi (atal
berriekin) eta, batez ere, proiektuan parte hartu duten laguntzaile, elkarte eta erakunde guztiei gure esker ona erakutsi nahi dizuegu. Izan ere, 10 urteotan 500 lagun baino gehiagok lagundu digute Ahotsak.com proiektuan (materiala uzten, transkripzioak egiten, kontaktuak
egiten,...). Ahotsak ez da gure proiektu bat, guztiona baizik. Eta bide honetan lagun askok egin dugu topo: elkarteak, udalak, erakundeak, ikerlariak, elkarrizketetan eta transkripzioekin lagundu diguten dozenaka lagunak...

Tartean zu ere bazaude, jakina, eta martxoaren 15eko jairako gonbita egin nahi dizugu.

Ekitaldi arina izango da. Ahotsak-eko pasarte eta edukia erakutsiko dugu, baina lagun izan ditugun musikari, bertsolari eta artisten laguntzarekin. 45 minutu inguru izango dira. Ondoren pintxo batzuk eta musika apur bat. Ostiral arratsalderako plana ;-)

Egitaraua 

Ekitaldia ere, gutxi gorabehera, lotuta daukagu:

  • Sarrera eta ongietorria Mikel Laskurainen eskutik. Laskurainek gidatuko du ekitaldia.
  • Ahotsak 10 urte: historia, ibilbidea eta datu nagusiak (Bideo erakusgarria)
  • Ahotsak.com proiektua: Zergatik eta zertarako hau guztiau? Zenbait ikuskizun, proiektuaren balioa azpimarratzeko, grabatutako zenbait pasarte eta zuzeneko emankizunak uztartuz (musika, dantza, bertsoa...). Proiektuarekin zerikusia duten gonbidatuak izango ditugu, besteak beste Onintza Enbeita eta MP5 musika-taldea.
  • Webgune berriaren aurkezpena eta webgunearen "Komunitatea" atalaren aurkezpena.
  • Laguntzaile guztiei eskertza.
  • Sari-emanaldia. Ahozko ondarearen bilketan zeresan berezia izan duten zenbait laguni oroigarri bat emango diegu.

Ondoren, pintxo batzuk hartuko ditugu eta berriketarako tartea izango dugu. 20.30etatik aurrera, MP5 taldeak kontzertua emango du. Hortik aurrera, zuek nahi duzuena ;-)

Hantxe ikusi nahi zaitugu, e?

Iruzkinak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Aranberri | 2013-03-14

Gehixena prest bixarko! Halan da be, urduri guztiok! Ekitaldi xumia izango da, baina politta, nik uste. Haizeak bideotxo ederrak gertau dittu. Aupa Haizea!!

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Odriozola | 2013-03-15

Gure han izango gera. Ea zer moduz irteten dan. Animo!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia