Ahotsak.eus aurkeztu dugu Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkuran

2020ko uzt. 17a, 16:04

Atzo, osteguna, Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkura egin zen Eibarko Markeskua jauregian, Aldee Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta. Aurtengoan Tokiko Bildumak izan dira hizpide eta Ahotsak.eus proiektuaren berri eman genuen bertan.

Egoera berezi honen eraginez nahi beste jende bildu ez arren, Tokiko Bildumen inguruko bilkura interesgarria izan zen atzokoa. Jesus Gutierrez eibartarrak eman zion hasiera ekitaldiari, Eibar Futbol Taldearen inguruan bildu duen informazio guztia (argazkiak, banderak, hemerotekatik bildutako dokumentuak...) nola kudeatu duen eta museoa nola antolatu duten azaltzeko. Gutierrezen ostean, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak Ahotsak.eus proiektua aurkeztu zuen: proiektuaren abiapuntua zein izan zen, zer ibilbide egin duen eta nola dagoen antolatuta.

Aintzane Agirrebeña Ahotsak.eus proiektuaren inguruko azalpenak ematen

Atseden txiki baten ostean, Albaolako Mikel Leozek Albaolak hedapenean egiten duen lana azaldu zuen. Ondoren, Pasai Donibaneko Ubera liburutegiko Marga Anzuelak liburutegia berritu zutenean liburutegiak hartu zuen norabide berriaren inguruko azalpenak eman zituen. Azkenik, Gordegiako Arkaitz Artolak Donostiako Egia auzoan osatu duten artxibategi grafikoaren berri eman zuen: www.gordegia.eus. Bilkura amaieran galderak egiteko eta hausnarketarako tartea ere egon zen. 

Gure aldetik, eskerrik asko antolatzaileei!

Argazki nagusian atzoko Bilkurako antolatzaile eta parte hartzaileak (Aldee) eta albiste barnekoan Aintzane Agirrebeña Ahotsak proiektuaren inguruko azalpenak ematen (UEU)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia