"Ahotsak 10 urte" ekitaldia Elgetan - Kronika

2013ko mar. 20a, 11:49

Joan zen ostiralean jai eguna izan genuen Euskal Herriko Ahotsak proiektuko kide eta laguntzaileok. Proiektuak 10 urte betetzen zituela aitzakiatzat hartu, eta ekitaldi txiki bat antolatu genuen Elgetako Espaloia kafe antzokian. Benetan berezia izan zen guretako. Eskerrik asko guztioi!

Espaloia txiki geratu zen bertaratutako guztiak hartzeko. Izan ere, urteotan proiektuan parte hartu duten lagunetako hainbat eta hainbat bertaratu ginen, ekimenaren lehenengo 10 urte hauek ospatzeko.

Ekitaldi xumea izan zen, baina hunkigarria han bildu ginen gehienondako. Hitz-aspertu gutxi izan genuen, eta Ahotsak.com proiektuan grabatutako bideo pasarteek, musikak eta bertsoek hartu zuten ahotsa, ekitaldi arin eta polit batean. Eta guzti horren gidari, Mikel Laskurain aktore bergararra (bere aita ere ahotsak.com-en grabatuta dugu, nola ez).

Euskal Herriko Ahotsak, 10 urte

Ekitaldiaren helburu nagusiak bi ziren. Proiektuaren ibilbidea laburbiltzea, orain arte egindako lanen errepasoa eginez, eta auzolanean egindako proiektu ireki honetan parte hartu duten guztiei esker ona adieraztea. Izan ere, dozenaka eta dozenaka lagun izan dira urte hauetan laguntzaile izan ditugunak: transkripzioetan laguntzen digutenak, kodifikazioak egiten ibili direnak, kontaktuak egiten eta hiztun egokiak aurkitzeko ezinbesteko izan direnak... ikerlariak, filologoak, euskara elkarteak, kultur taldeak, eragileak, udalak... Guzti-guztiei eskerrik asko esateko unea zen.

Laskurainen aurkezpen eta sarreraren ostean, Asier Sarasua izan zen oholtzara igo zen lehenengoa. Badihardugu Euskara Elkarteko presidentea da Sarasua. Hitz gutxi egin zituen, protagonismo osoa lantaldeari eta adineko informatzaileei utziz. Proiektuaren lehenengo urratsak gogoratu ondoren eskerrak eman zizkien Elgetara igotako guztiei eta urteotan auzolanean ibilitako guztiei. Izen eta erakunde batzuk ere ekarri zituen gogora, proiektuak asko zor baitie. Fernando Muniozguren zena ekarri zuen gogora; Estepan Plazaola Bergarako euskara teknikaria eta AEDko presidentea; edota Mikel Irizar. Ondoren, proiektuari babesa eman dioten erakunde nagusiak ere aipatu zituen, Ahotsak.com sendotzeko ezinbesteko izan direlako. Besteak beste, Patxi Baztarrika, HPSko Sailburuordea, eta Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendaria aipatu zituen, biak ere Elgetan.

Sarrerako hitz labur horien ostean, bideoek hartu zuten lekukoa. Eta horien artean aurrenekoa hauxe berau: ahotsak.com proiektuko kideek modu xume eta eder honetan azaldu zuten zer zen "Euskal Herriko Ahotsak", eta zein izan den 10 urteotako ibilbidea.

Zertarako balio du Ahotsak.com-ek?

Lehenengo bideo horren ostean, Laskurainek hartu zuen berriro hitza. Bere ohiko adar-jotzaile eta zirikatzaile paperean, galdera zuzena egin zigun han geundenoi: "oso ondo, oso politta; baina zertarako balio dau honek guztionek? Zertarako hainbeste lan ordu? Espiritu romantikuak bultzatuta? Edo zeuen buruari inportantzia emuteko?",

Ahotsak-eko lagunek bideoen bitartez eman zioten erantzuna. Egindako lanak zertarako balio duen?

  • Euskara eta euskalkiak jasotzeko. Gure nagusien ahozko ondare bizi eta aberatsa jasotzeko; euskaldunon imajinario kolektiboa irudikatzeko; gure euskalki eta hizkeren doinu eta koloreak batzeko.
  • Gainera, artxibo lana eta alderdi historikoa ere ez dira ahaztu behar. Ahotsak-en elkarrizketatutako lekukoak XX. mende hasieran jaiotakoak dira. Horrela, proiektu honi esker, "XX. mendeko Euskal Ahozko Artxiboa" izango dugu. Gure memoria eta historia hurbila batuko dituen artxiboa, hurrengo belaunaldientzat erreferentzia ezinbestekoa izango dena.
  • Transmisiorako. Jasotako artxibo hori hor egongo da, ikastetxeetan erabiltzeko, eta belaunaldi berriek hartu dezaten, erabili dezten, moldatu dezaten. Euskarari eta gure kulturari ate eta erabilera berriak eskaintzeko.

Hiru bideo jarri zituzten hor goikoak adierazteko. Besteak beste, euskararen inguruko hau:


Ekitaldian zehar eMePebo5t musika-taldeak ere parte hartu zuen, kanta tradizional baten bertsio ganberroa eginez.

Ondoren, berriro Laskurainen txanda, eta "zelako garrantzitsua dan batzia, ezta? Eguneroko juan-etorri zoro honetan ez gara horrenbeste konturatzen; baina ingurukoren bat falta danian... orduan bai gogoratu! Azken batian, hiztun bakotxa, lekuko bakotxa, informaziñoz betetako artxibo haundi bat da. Eta bere etorrixa jaso ezian, betirako galduko dogu! Zorionez, honezkero milaka eta milaka ordu dira Ahotsak-eko lagunak jaso dittuenak. Betirako galdu aurretik".


Joxe Agirreren bideo horren ostean, Ahotsak-eko kide den Maddi Gallastegi bertsolariak hartu zuen hitza, eta 3 bertso eder jarri zituen, transmisioaren premia eta jasotako ondarearen garrantzia gai hartuta. Txalo zaparrada ederra jaso zuen zumaiarrak.

Eskertzak eta oroigarri batzuk

Ekitaldia bukatzeko, Nerea Goiria muxikarra igo zen oholtzara. Bera ere Ahotsak-eko lantaldeko kidea, eskerrak eman nahi izan zizkien urteotan laguntzaile izan ditugun ehundaka eta ehundaka lagunei. Hori ere, bideo txiki batekin bukatu zuten.

Nereak aipatu zuen legez, Euskal Herriko Ahotsak proiektua osatzen dugun lantaldekook laguntzaile guztiei eman nahiko genieke oroigarritxoren bat, baina ezinezkoa zen hori. Horregatik, gure datu-basean leku berezia duten 2 grabazio eta euren biltzaileak igo ziren eszenatokira, guztien izenean txaloak jasotzera.

  • Jaione Isazelaia eta Iñaki Etxaniz: Ahotsak-en dugun hiztunik zaharrena grabatzearren (1888an jaiotako Anizeta Agirre), eta 1980ko hamarkadan herri hizkeren bilketan aitzindari izatearren.
  • Imanol Garcia eta Iñaki Carrera: gure datu-basean dagoen zintarik zaharrena berreskuratzeagatik (1975ean Amurrion egindakoa), eta Arabako euskararen lekukotasunak batzen egindako lanarengatik.


Iñaki Etxaniz izan ezik, beste hirurak bertan izan ziren eta saria jaso zuten Serafin Basauriren eskutik, Badiharduguko ohorezko presidentea.

Talde-argazkiekin bukatu zen ekitaldia.

Xumea, baina hunkigarria; hitz gutxirekin gauza asko esan zituena. Handik aurrera, luntxa, berriketa asko, eMePebo5t taldearen erromeria,...

Egun ederra izan zen. Guretako bai, behintzat. Eskerrik asko han izan zitenen guztiei, eta etortzeko aukerarik izan ez arren, zuen babesa eman diguzuen guztioi.

Zuek ere egin duzuelako ahotsak.com!

 

Ahotsak 10 urte, Elgeta. Talde-argazkia

 

Informazio gehiago

Datozen egunotan ekitaldiko argazki gehiago eta ekitaldia bera (bideoa) ere sareratzen joango gara.

 

Iruzkinak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Agirrebeña | 2013-03-20

Ederraaaaaaa!!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia