Ahots Zubiak: ahozko ondare funtsak bateratzeko proiektua abiatu dugu

2026ko urr. 16a, 09:53

Ahozko ondare funtsak dokumentatu, tratatu eta elkarlotzeko Ahots Zubiak lankidetza-proiektua sortu dugu Badihardugu euskara elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskokultur Fundazioak, Euroeskualdearen babesarekin. Joan zen astean egin genuen lehen lan-saioa, Eibarren. 

Euskal Herri osoko ahozko ondare funtsak bateratuko dituen proiektua abiatu dugu Badihardugu euskara elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Euskokultur Fundazioak , Euroeskualdearen laguntza lortuta. Ahots Zubiak proiektuak hiru lurraldeetako -Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroa- ahozko funtsak egituratu, dokumentatu eta elkarlotzea du helburu, metodologia bateratu baten eta plataforma digital partekatuen bidez. Joan zen astean egin genuen lehenengo lan-saioa, Eibarko Markeskua jauregian. Proiektuaren aurkezpen ofiziala azaroan egitea aurreikusten dugu. 

Bederatzi lagun elkartu ziren guztira, elkarte bakoitzetik hiru kide, eta goiz osoa eman zuten lanean. Badihardugu elkarteko kideek Ahotsak.eus proiektuaren datu-basean grabazioak nola tratatu erakutsi zieten; datu-base hori guztien beharretara egokituko dute eta landutako materiala ahotsak.eus webgunean ez ezik, EKEren eta Euskokultur Fundazioaren webguneetan ere ikusi ahal izango da. Ekimenak lankidetza egituratua sustatzen du, lan-irizpide komunak ezarriz eta tresna digitalak elkarrekin garatuz. Horretarako, gutxienez 50 elkarrizketa landuko dira prozedura bateratuak probatzeko. Edukiak katalogatu, tratatu eta plataformetan integratuko dira, herritar, ikertzaile eta hezkuntza-eragileentzat eskuragarri jarriz.

Parte hartzen duten hiru elkarteek urteetan bildutako material baliotsua dute, baina gaur egun modu isolatuan kudeatzen da, eta horrek zaildu egiten ditu haren zabalkundea eta erabilera. Gainera, funts askok tratamendu tekniko eta dokumentala behar dute oraindik. 

Irudietan, hiru elkarteetako kideak Eibarko lan-saioan. Iturria: Badihardugu

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia