'Ahoa bete hots' jardunaldiak

2010ko eka. 18a, 15:12

Ahozkotasunari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Mintzola zentroan, Villabonan, uztailaren 22an, 23an eta 24an. Prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, nondik norakoak azaltzeko.

Bertsozale elkarteko Beñat Gaztelumendik eta Josune Zabala Mintzolako arduradunak eman dituzte azalpenak. Izan ere, elkarlanean antolatu dituzte jardunaldiok. Ahozkotasunaren hiru esparru landuko dira, hiru egunetan: haurren mundua, jardun berezituak (hizkuntza-literatura-hedabideak) eta kultur adierazpena. Arlo horietan esperientzia izan duten adituak eramango dituzte Villabonara, beraien lan egiteko moduaz gainera gogoetak eta etorkizuneko asmo-ametsak gizartera ditzaten.

Piter Ansorena pailazoak, Gorka Tolosa antzezleak eta Itziar Rekalde ipuin kontalariak haurrek ahozkotasunarekin duten lotura aztertuko dute. Ondoren, jarduera berezituen egunean, Labayru ikastegiko Miren Ibarluzeak ahozkotasuna lantzeko materialak nola sortu esplikatuko du, Joan Kruz Igerabide idazleak poesiak ahozkotasunarekin duen harremanaz hitz egingo du eta Julian Beloki kazetaria, berriz, irrati esatarien jardunaz arituko da. Azken egunean, euskal antzerkiaren izaeraz hausnartuko du Antton Luku idazleak, Jose Angel Irigarai idazleak 60ko hamarkadako kultur giroaz eta Lorea Agirre kazetariak kulturaren biziberritzeaz. Mahai inguruetako moderatzaile lanetan, berriz, Xabier Sukia bertsolaria, Laxaro Azkune irrati esataria eta Joxean Agirre kazetaria ibiliko dira.

Jardunaldiak ahozkotasuna maite duen ororentzat dira interesgarriak, baina antolatzeko garaian batez ere irakasleak, kazetariak, antzezleak, euskara teknikariak, ipuin kontalariak eta ikertzaileak izan dituzte gogoan. Izena emateko epea astelehenean hasiko da,eta uztailaren 16a bitarte egongo da zabalik. Informazio gehiago: http://www.mintzola.com/sarrera/ahoa-bete-hots-egitaraua

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia