Agur On Bittor Garaigordobili, Vaticanora txapelarekin joaten zen gotzainari

2018ko api. 26a, 12:22

102 urterekin zendu da. Urkiolako apaiz eta misiolaria, Los Riosko (Ekuador) gotzaina izan zen. 2012an elkarrizketatu genuen Ahotsak proiekturako. 

Apirilaren 24an hil zen, eta atzo egin zioten agurra, Urkiolako santutegian. On Bittor bezala zen ezaguna. Gotzain izatera heldu zen Ekuadorren. Baina xumea zen hala ere. Gertukoa. Txapela jantzita joaten zen Vaticanora ere. Azken hiru hamarkadak Urkiolan eman zituen, erretiroa hartuta. Aurreko hiru hamarkadak, berriz, misiolari Ekuadorren. Han, besteak beste Hegoameriketako gotzainen Medellingo batzarrean parte hartu zuen, eta Askapenaren Teologiaren alde agertu zen: pobreen alde eta gehiegikeria politiko eta ekonomikoen kontra.

2012an elkarrizketatu genuen Bittor Garaigordobil, Urkiolan. Abadiñoko Amaitermin auzoan jaio zen. Hamar senidetan bigarrena, 12 urterekin seminariora joatea erabaki zuen, apaiz izateko, baina gurasoek ez zioten sinestu. Umetan Bittor nahiko bihurria baitzen eta ez oso elizkoia:

Arteako seminariora joan zen, 13 urterekin, eta ondoren Gasteizko seminariora. Abadegaia zen 1936ko gerra hasi zenean; Otxandion zegoen, eta bonbardaketaren lekuko izan zen. Kintak harrapatu zuen, eta derrigor joan behar izan zuen gerrara. "Kamillero" ibiltzea egokitu zitzaion, zaurituak artatzen, batetik bestera. Frontean gauza gogor asko ikusi zituen:

Gerraostean Gasteizko seminariora itzuli zen, eta hainbat lanetan jardun zuen, besteak beste irakasle gisa. 1948an misiolari joan zen Ekuadorrera, beste zazpi apaizekin batera. Eta urte asko eman zituen han, herritarrekin harremanetan. Gotzain izatera iritsi zenez, Vaticanora ere joaten zen, Aita Santuarengana.

Fedea eta eliza ez direla gauza bera ere azaldu zigun: 

Elkarrizketa osorik ikusteko ikus: Bittor Garaigordobil. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia