Agur beroa Pello Zabala frantziskotarrari, eguraldi igarle eta euskaltzale ezagunari

2022ko ots. 4a, 10:39

Hutsune handia utzi du Pello Zabala fraideak. Ezaguna zen Euskal Herri osoan, batez ere irratian eguraldi iragarpenak egiten zituelako. Oso maitatua, bere izaerarengatik. Ahotsak proiekturako egin genion elkarrizketa sarean dago ikusgai. 

Pello Zabala (Amezketa, 1943) fraide frantziskotarra hil da, Euskal Herriko eguraldi-iragarle ezagun eta maitatuenetako bat. Irrati esatari, idazle eta musikari euskaltzalea. 78 urte zituen. Atzo egin zioten hileta-elizkizuna, Arantzazun, bizitoki moduan aukeratu zuen tokian: hamar urte zituenetik bizi zen bertan. Ahotsak proiekturako elkarrizketatu genuenean, umoretsu kontatu zizkigun bere bizitzako ibilerak: 33 bideo-pasarte daude ikusgai. Ikusi eta gozatu!

Pernandoren odolekoa, Amezketan jaio zen Pello, eta han pasatu zituen haurtzaroko lehen urteak. Aitak herriko paper lantegian egiten zuen lan eta, lagun kamioilariei esker, urtean behin Arantzazura egiten zuen txangoa bere familiak. Handik sortu zitzaion Arantzazurako griña:

Zazpi urterekin jakinarazi zien gurasoei Arantzazura joan nahi zuela, irakurtzeko zein ikasteko gogoa umetatik izanik; amak erakutsi zion irakurtzen. Aita saxofoi-jolea zuen, eta Pellok txikitatik ikasi zuen solfeoa ere. Arantzazun zaletasun horri bide eman zion, eta musika klasikoan aditu izatera iritsi zen. Organoa jo du, puntura arte. 

Liburuak ere idatzi zituen Pellok. Ohorezko euskaltzaina zen. Euskaltzaletasuna elikatzeko ere toki paregabea izan zen Arantzazu. Fraide-etxean izan zuen kontaktua berea ez ziren euskalkiekin, eta bertan bizi zituen euskara batuaren inguruko eztabaidak. Han irakurri zituen Gandiagaren idatziak, eta baita musikatu ere.

Euskadi Irratiaren eraginez hasi zen eguraldi kontuetan trebatzen. Tenporei buruzko teoria nola landu zuen kontatzen du pasarte honetan:

Doluminak Pelloren senide eta lagunei, Arantzazuko frantziskotarrei bereziki. Irribarretsu gogoratuko dugu, ume bihurri begirada horrekin. 

Informazio gehiago: albistea Goienan eta Berrian. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia