Abadiñoko Ahotsak proiektuaren aurkezpena eta omenaldia, atzo, Euskararen Egunean

2018ko abe. 4a, 10:53

Atzo arratsaldean Errota Kulturgunean aurkeztu genuen Abadiñoko Ahotsak proiektua, 90. hamarkadatik hasi eta gaur arte grabatutako hiztunak omentzeko ekitaldian. Guztira, 21 hiztun bildu dituen proiektuak irribarre eginarazi zigun atzo, Euskararen Egunean. 

Euskararen Egunaren aitzakiaz, aurkezpen eta omenaldi ekitaldia izan zen atzo arratsaldean, Abadiñoko Errota Kulturgunean. Bertan elkartu ziren Udaleko ordezkariak, Ahotsak.eus proiektuko kideak eta, nola ez, baita omenduak ziren Abadiñoko elkarrizketetako parte-hartzaileak eta senitartekoak ere. 

Nerea Goiria elkarrizketatzaileak hartu zuen hitza Ahotsak.eus/abadino proiektuaren nondik norakoa azaltzeko. Lekukotasuna eman duten hiztunei parte-hartzea eskertu, eta omenaldi txiki bat egiteko, haien testigantzekin osatutako 15 minutuko bideo hau erakutsi zuen Goiriak, hainbat gai biltzen dituena: garai bateko bizimodua, gerra garaiko oroitzapenak, elizaren indarra, bikote kontuak... 

Horixe izan zen ekitaldiko une politenetako bat, ikusleei barre (eta batzuei negar) eginarazi ziena. Urteetako lan honetan Abadiñoko ondarea jaso eta ezagutarazteko helburua azpimarratu zuen, era berean, Gazteria eta Euskara batzordeetako zinegotzi den Argi Abadek. 

Euskalkiak jasotzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Abadiñoko euskarari ere egin zion erreferentzia Goiriak. Bizipenez gain, bizipenak kontatzeko modua ere jaso nahi izan baitzen proiektu honen bidez, betirako gorde daitezen, eta, gainera, edonorentzat eskuragarri ipini.

Abadiñon duela 6 bat urte hasi ginen Badihardugu Elkarteko kideok 75 urtetik gorakoak elkarrizketatzen. Nerea Goiriak egin zituen elkarrizketa gehienak. Guztira 21 lagunen testigantzak bildu ditugu. Poliki-poliki, eta, Abadiñoko Udalari esker, grabazioen lanketa egiteko aukera izan dugu. Horrenbestez, orain herriko ondarea guztion eskura dago Interneten. Eskerrik asko guztioi!

 

Irudian, atzoko ekitaldiko une bat. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia