90 hikazale hitanoa praktikatzen Durangon, Euskal Herriko II. Hikadromoan
2025ko abe. 9a, 14:26
Aurreko larunbatean ZirHika taldeko kideek EHko II. Hikadromoa antolatu zuten Durangon, Landako ikastetxean. Euskal Herriko hainbat tokitako 90 hikazale bildu ziren eta oso giro polita sortu zen.
Gazteenek 16 urte. Zaharrenak 86. Batzuk hika hizketan trebeak. Ikasten ari direnak, besteak. Guztira 90 lagun elkartu ziren larunbatean, abenduaren 6an, Durangon, EHko II. Hikadromoan. Euskal Herriko hainbat tokitatik bertaratu ziren. Landako ikastetxean zuten hitzordua, ZirHika taldeak deituta, hitanoa bizirik dagoela erakusteko eta ondo pasatzeko. Lehenengo pintxo-jana izan zuten, gero Hikadromoa eta bukatzeko, hika bertso-saioa, Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariekin. Parte-hartzaileak pozik agertu ziren ekimenarekin, errepikatzeko prest.

Hikadromoa Bagera euskara elkarteko Aitziber Gurutzeagak gidatu zuen: laukoteak osatuta jardun zuten hika, 20 minutuero taldez eta gaiz aldatuz. Gustura aritu ziren berriketan eta ondoren zozketa egin zuten: hitanoarekin lotutako liburuak eta katiluak. Bertso-saioaren aurretik, post-it-etan beraien iritziak idazteko aukera izan zuten; hona hemen batzuk: "Aukera bikaina ni bezalako trebatugabeak toka-nokan trebatzen hasteko. Mila esker!", "Zoragarrixa hika erabiltzeko arnasgune hau zabaltzia. Aurtengo formatua itzela!", "Oso gustura egon gaitun. Datorren urtean berriz!", "Datorren urtean 120 lagun baietz!".
Andoni Egañak eta Amaia Agirrek umorez zipriztindu zuten ekitaldia, bukaera ezin ederragoa emanez toka-noka bertsotan. Eguerdian pintxoak sobratu zirenez, talde argazkiaren ostean beste mokadutxo bat egiteko eta hika hizketan jarraitzeko aukera egon zen.
Durangoko azokan hitanoarekin lotutako materiala eskuratzeko aukera zegoen, Badihardugu-Ahotsak.eus standean, Artekale 62an, ZirHikak bere lekutxoa izan baitu. Hika ikasteko liburuxka asko saldu dira, ikasteko gogoa dagoen seinale.
ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen antolatu ditu 2024ko apirilean sortu zenetik: EHko I. Hikadromoa izan zen antolatu zuen lehen jarduera: 75 bhikazale elkartu ziren. Euskaraldia Hika ere ipini zuen abian, Tauparekin batera, eta duela gutxi Markina-Xemeinen izan den EHko II. Hika Topaketa ere bideratu du, besteak beste. 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak antolatuta) eta handik sortu zen ZirHika, elkarrekin hitanoa bultzatzeko; Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Aurtengo Hikadromoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du.
Goiko irudian, EHko II. Hikadromoko talde argazkia. Iturria: ZirHika.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





