80 urte, lehenengo bozkatik

2013ko aza. 20a, 16:22

Emakumeek gizonezkoen pareko boto eskubidea lortu zuten Hego Euskal Herrian, duela 80 urte, azaroan. Ordura arte emakume ezkonduek eta "emanzipatu gabekoek" ezin zuten bozkatu.

Oraintxe bete dira 80 urte Hego Euskal Herriko emakumeek boto eskubidea lortu zutenetik. 23 urtetik gorako guztiek bozkatu ahal izan zuten. Espainiako estatuan azaroaren 19an eman zuten bozka lehen aldiz, hauteskunde orokorretan; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, lehenxeago: azaroaren 5ean. Euskal Estatutuaren erreferendumean. II. Errepublikaren sasoian izan zen, 1933. urtean. Hori ahalbidetu zuen legea, baina, lehenago onartu zuten: 1931ko abenduan.

Emakume batzuek lehenago ere bazuten bozka emateko eskubidea, legez, baina ez denek. Espainiako gobernuak Primo de Riveraren diktadura garaian eman zituen lehen pausoak ildo horretan. 1924. urtean, emakume ezkongabe “emanzipatuei” eta alargunei boto eskubidea eman zieten, udal hauteskundeetarako. Ezkonduek eta euren kontura bizi ez ziren emakume ezkongabeei, ordea, ez. Haiek aitaren edo senarraren menpe zeuden, inolako eskubiderik gabe. Esan beharra dago, hala ere, sasoi hartan ez zela hauteskunde demokratikorik izan (alderdi bakarra zegoen), eta gainerako emakumeek ere ezin izan zutela aukera hori baliatu. 1933. urtera arte. 

Francoren diktadura garaian sufragio femeninoa bertan behera geratu zen, eta ez zen hauteskunde askerik izan 1976. urtera arte. Ipar Euskal Herrian emakumeak 1944. urtean eskuratu zuen boto eskubidea.

Pedro Zubizarreta ermuarra mutikoa zen II. Errepublika aldarrikatu zutenean, baina gogoan zuen egun hori; baita bere herrian emakumeak bozkatzera joan ziren lehen aldi hura ere:


Irudian, Eibarko emakume batzuk 1933ko azaroaren 5eko erreferendumean bozka ematen. Argazkilaria: Indalecio Ojanguren

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia