5.000 lekuko, Ahotsak.eus webgunean. Eskerrik asko guztioi!

urt. 27, 2016, 9:13 a.m.

Kopuru borobila lortu dugu aste honetan: 5.000 hiztun. Euskal Herriko 5.000 pertsonaren grabazioak daude une honetan Ahotsak.eus webgunean.

Mugarri ederra erdietsi dugu atzo bertan: 5.000. hiztuna. Ahotsak.eus webgunean, ahozko ondarearen artxiboan, Euskal Herriko 308 herritako 5.000 pertsonaren ahotsak jaso ditugu. Guztion artean. Urte askotako eta jende askoren lanaren emaitza baita Euskal Herriko Ahotsak, elkarlanean oinarritutako proiektua. Pertsona askoren ilusioaren eta ahaleginaren ondorioa.

Guztira 187 proiektutako grabazioak daude webgunean. Ahotsak proiektuko kideek egindako elkarrizketez gainera, hainbat eta hainbat ikerlari eta norbanakok egindako grabazioak ere badaude. Ahozko ondarearen artxiboa baita Ahotsak.eus, online dagoena eta herritarren eskura, erabilera librearekin. 

Azaroan aipatu genizuenez, garai hartan ere mugarri borobilak gainditu genituen: 100.000. pasartea katalogatu genuen; 300. herria gehitu genuen datu-basean; 30.000. bideoa sareratu. 

Badihardugu euskara elkarteak sortu zuen proiektua, gure ahozko ondarea guztion esku jartzea helburu. Eta zoragarria da izan duen erantzuna, herritarren eskuzabaltasuna eta grina. Mila-mila esker proiektuan parte hartu duzuen guztioi! Elkarrizketatuei bereziki, baina baita elkarrizketatzaileei, senideei eta laguntzaile guzti-guztiei ere. Konta ezin ahala harribitxi dauzkagu webgunean. Eta zuei esker daude hor.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia