Oñatiko 50 emakume baino gehiago elkarrizketatuta, Ingo Xonau! proiekturako
2019ko mai. 8a, 10:42
Otsailean jarri genuen abian Oñatiko hitanoa biziberritzeko proiektua, Ingo Xonau!, eta noka jasotzeko elkarrizketak egiten aritu gara oraintxe arte. Horiek lantzen joan, ikus-entzunezko bat gertatu, ikerketa-diagnostikoa egin... lana bide onetik doa baina hasi besterik ez da egin!
Oñatiko noka jaso eta biziberritzeko proiektua da Ingo Xonau! Herri ekimenetik sortu da egitasmoa, emakumeen hitanoa galtzen ari dela ikusita. Badihardugu elkarteko kideongana jo zuten, ahozko ondarea jasotzen dugun eskarmentuarengatik. Udalaren laguntza lortu, eta 2019ko otsailean ekin genion lanari. Emakumeak elkarrizketatzen, hain zuzen. Batetik, hitanoari buruzko esperientziak jasotzeko eta, bestetik, hikako beraien jarduna. Joan zen ostiralean egin genituen azken bi elkarrizketak. 16 tertulia eta 8 elkarrizketa egin ditugu: guztira 50 emakume baino gehiago igaro dira kameraren aurretik. Proiektua egundoko erantzuna izaten ari da! Eskerrik asko parte hartzen eta laguntzen ari zareten guztioi!
Jasotako materiala lantzen ere hasi gara. Hona hemen jardun libreko adibide bat, Araozgo hiru emakume Txorixotxo Egunari buruz hizketan:
Urte bukaerarako hainbat bideo-pasarte igoko ditugu sarera, Ahotsak.eus webgunera. Ikus-entzunezko labur bat ere gertatuko dugu, nokaren galeraren nondik norakoei buruzkoa, jasotako testigantzekin. Elkarrizketa gehien-gehienak Oñatiko udal euskaltegian egin ditugu, eta mila esker euskaltegikoei!
Oñatiko nokaren egoera zein den jakiteko diagnostiko-ikerketa egiten ere bagabiltza. Jakin nahi duguna zera da: zenbat emakumek dakiten hitanoz auzo bakoitzean. Horretarako, Oñatiko hainbat pertsona ari dira proiektuan laguntzen, informatzaile gisa, auzoz auzo datu-bilketak egiten. Eskerrik beroenak informatzaileei ere!
Abenduan egingo dugu proiektuaren aurkezpena. Hori bai, proiektua ez da aurten amaituko. Hurrengo urteetan noka biziberritzeko eta hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egiteko asmoa dugu. Herritar taldetxo bat elkartu gara zer eta nola egin erabakitzeko; aurtengo lanak Badiharduguren ardurapean daude, baina aurrera begira eragile gehiagoren parte-hartzea ere aurreikusten da.
Jarrai gaitzazu twitter-en eta Instagram-en. "Danon artian egingo xonau!".
Proiektuari buruzko albisteak Goienan, GoiTBn, Oñati irratian eta Oñatiko Udaleko webgunean.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.