4.000 transkripzioen muga gaindituta elkarlanean
2010ko mai. 27a, 13:28
Ikastetxeetatik eta norbanakoengandik jasotako laguntzari esker, 4.000 pasartek baino gehiagok dauka transkripzioa irakurgai. Parte hartu nahi?
Edonork lagun diezaguke edozein herritako edozein hizlariren edozein pasarte transkribatzen. Hainbat lagunek egin du dagoeneko transkripzioren bat eta elkarlanak lau mila transkripzio baino gehiagoko fruitua eman du. Gehienak ere Ahotsak.com proiektuan egindakoak, baina ehunka batzuk herritarren laguntzari esker jasotakoak.
Ikastetxeek ere hartu dute parte. Horren adibide da azkenengo egunotan Lekeitioko institutuko ikasleek egindako eta helarazitako transkripzioen bilduma. Mallabia, Berriatua eta Markina-Xemeingo 56 transkripzio egin dituzte; eta aurretik ere Lekeitioko beste hainbat bidali zizkiguten.
Ideia polita da ikastetxeetan egiteko, baita emankorra ere ahotsak.com webgunea aberasteko. Badago aukera nahi izanez gero.
Pasartean esaten dena errazago ulertzeko bidea ipintzen dute transkripzioek, baina gainera, informazio linguistiko zabala batzen dute. Horren harira, transkripzioetatik erauzitako informazio linguistikoa erabilita osatu dugun Corpusa erakutsiko dugu laster batean, Corpusa izeneko atalean.
Transkripzioren bat egin nahi?
Gure proiektuan parte hartu nahi? Herri bateko pasarteak entzun eta transkribatzeko gogoa baduzu, webgunean dauden audioak edo bideoak entzun ditzakezu edo oraindik entzungai ez dauden audio-fitxategiak bidaliko dizkizugu. Transkripzioak egindakoan, guri bidali eta hemen gainbegiratu eta zuzendu egingo ditugu argitaratu aurretik, guztiak irizpide berberen baitan sar daitezen. Azkenik, webgunean jarriko ditugu eta zure izena azalduko da transkribatzaile bezala. Hementxe proiektuan parte hartzeko aukeren inguruko informazioa.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.