20.000 bideotik gora Ahotsak proiektuan ikusgai
2014ko mai. 23a, 10:36
Egunetik egunera bideo pasarte gehiago ditugu sarean Euskal Herriko Ahotsak proiektuan: 20.000ko langa gainditu dugu.
Ahozko ondarea jaso ez ezik, zabaldu. Horixe da gure helburua. Denon eskura jartzea, Interneten. Pixkanaka-pixkanaka. Eta bide onetik goaz: 20.000tik gora bideo jarri ditugu on-line.
2008. urtean inauguratu genuen www.ahotsak.com webgunea. Ordura arte isilpean egindako lana bistaratzeko ordua zen. 1.058 bideo genituen on-line, eta asko iruditzen zitzaigun. Urtetik urtera kopurua igotzen joan da. 2010. urtean 10.000 pasartera heldu ginen. Iaz, 2013an, 15.000 bideo pasarteko langa gainditu genuen. Eta une honetan 20.228 bideo pasarte daude on-line, interesa daukan ororen esku.
Gauza bera gertatu da herriekin. Grabaziodun herrien kopurua gora joan da etengabe. Azken bi urteotan bereziki. Momentu honetan 281 dira herriak, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. Hori bai, oraindik bada grabazio gabeko herririk. Gainera, jasotako ehunka eta ehunka grabazio landu gabe daude, eta, horrenbestez, ez daude publikoaren esku. Izan ere, bideo pasarteak editatu ahal izateko, aurrez lan handia egin behar da: grabazioa minutuz minutu entzun, pasarteak erabaki, pasarte bakoitza laburtu, gaika sailkatu...
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.