143 arrantzale itsasoak irentsi zituenekoa

2012ko abu. 12a, 08:00

Mende oso bat pasatu da Kantauri itsasoan bizi izan den gertakizun beltzenetik. 1912ko abuztuaren 12tik 13rako gau hartan, gure kostaldeak inoiz ezaguturiko enbatarik handienak astindu edarra eman zien Bizkaiko portu garrantzitsuenetako arrantzaleei: 143 arrantzale hil ziren.

1912ko abuztuaren 12an, Santa Klara egunez hain zuzen ere, Bermeoko Bastarre aldean ospakizuna nagusi zen momentu berean, Matxitxako lurmuturretik 50 bat miliatara, itsasoaren indarrak sortutako enbata izugarri batek 143 arrantzale desagerrarazi zituen. 143 familia, 75 alargun, 225 umezurtz eta 40 bat emaztegai noraezean utzi zituen Ondarroan, Lekeition, Elantxoben eta Bermeon, horietatik 116 arrantzale bermeotarrak izan ziren; herriko arrantzaleen %10a beraien bizibide zen itsasoak irentsi zituen.

XX. mendeko Euskal Herriko lan-istripu lazgarrienatzat hartzen da gertakizun hori. Oihartzun handia sortu zuen ezbeharrak, Espainiako Alfontso XVIII. erregea bera ere izan zen herrian ospatutako hileta-elizkizunetan, orduko argazki zahar askotan ikus daitekeen moduan.

Haindik egun gutxitara, Ama Birjinaren egunean, 80 ezkontza ziren ospatzekoak Bermeon. Baina erdiak baino ez ziren ospatu, horietako ezkongai erdiak zorigaitzeko protagonistak izan baitziren.

Gure lekukotasunetan jaso ditugu bertako herritarrek kontatutakoak, baita tartean hildakoen ondorengoenak ere. Oraindik ez ditugu pasarte horiek ikusgai; hala ere, 1985ean Lekeition egindako grabaketa batean, ordukoa gogoratuz egindako audio-grabazio bat dugu. Juan Daniel Eskurza izan zen bizirik aurkitu zuten arrantzale bakarra. Lekeitiarra zen bera eta berari buruzko kontakizun hunkigarria utzi zigun Modesto Alzibar lekeitiarrak.

Irudia: Bermeoko portua 1912an.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia