Badiharduguko kideek 106 euskaldun elkarrizketatu dituzte Estatu Batuetan
2025ko urr. 21a, 14:01
Badihardugu elkarteko bi kide AEBn izan dira hilabete eta erdian, Diasporako Ahotsak proiekturako elkarrizketak egiten. 100 ordu inguru grabatu dituzte.
Diasporako Ahotsak proiektuaren helburua diasporako euskaldunen bizipenak jasotzea da. Horixe izan da Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak eta Itziar Sapsoothamek egin dutena: AEBko bost estatutan ibili dira, euskal etxetik euskal etxera, eta guztira 106 pertsona elkarrizketatu dituzte. 100 grabazio ordu inguru izan dira. Irailaren 7an abiatu ziren Euskal Herritik eta urriaren 18an, aurreko larunbatean, bueltatu ziren. 42 egun guztira, Boisen (Idaho) hasi eta Los Angeleseraino (Kalifornia), 20 herri baino gehiagotan.
"Nekagarria baina oso esperientzia ederra" izan dela diote Badiharduguko kideek. Euskal komunitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute eta oso aberasgarria izan da. "Toki guztietan beso zabalik hartu gaituzte eta eskertuta gaude izandako harrerarekin". Elkarrizketatutako gehienak bere sasoian Euskal Herritik joan eta bertan bizitzen geratutakoak dira, baina Ameriketan jaiotako batzuk ere elkarrizketatu dituzte: 31 bigarren belaunaldiko euskaldunak dira. AEBko bost estatutan egon dira: Idaho (31), Oregon (1), Utah (6), Nevada (29) eta Kalifornia (39). 37 emakumezko eta 69 gizonezko elkarrizketatu dituzte. Gizonezkoen kopurua handiagoa izan da, askoz gehiago direlako AEBra migratu zuten gizonezkoak emakumezkoak baino; gehienak artzain joan ziren, gero beste lan batzuetan ibili baziren ere.
Diasporako Ahotsak proiektua eta AEBko bidaia Lehendakaritzaren babesarekin egin ahal izan da. Egindako grabazioetako pasarte onenak Ahotsak proiektuan argitaratuko dira, horretarako sortu den https://diaspora.ahotsak.eus/ webgunean. Diasporako Artxiboari, Boiseko euskal museoari eta Renoko unibertsitateko euskal liburutegiari ere kopia bana emango zaie. Hainbat izan dira lagundu duten euskal etxeak ere. Eskerrak eman nahi dizkiete tokian tokiko laguntzaileei, besteak beste Patty Miller, Jean Flesher, Iñaki Arrieta, Anita Izoco, Aline Izoco, Mark Erreka, Dominique Etchechury, Janet Barreneche eta Marianna Etcheberria.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





