101 L proiektua eta Donostiako dokumentala aurkeztuko ditugu bihar
2017ko mar. 21a, 09:53
Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkezpen-emanaldia egingo dugu bihar, 19:00etan. 101 L proiektuaren nondik norakoak azalduko ditugu eta "Donostia eleaniztuna" dokumental laburra ikusteko aukera izango da. Gonbidatuta zaude!
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko proiektua da 101 L. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea du helburu. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ginen, eta pixkanaka zabaltzen joan da. 190 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, han eta hemen. Orain arte guztira 99 hizkuntza jaso ditugu. Proiektuaren nondik norakoak ezagutarazteko eta Donostiako hizkuntzei buruzko dokumentala erakusteko, aurkezpen-emanaldia antolatu dugu Donostian, bihar. 19:00etan izango da, Koldo Mitxelena kulturunean.
Jasotako testigantzak webgune batean jarri ditugu, herritarren eskura. Egindako grabazioetako asko landu ditugu: minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, laburtu eta gaika sailkatu, eta bideo pasarteak online jarri, erraz bilatu eta erabili ahal izateko. Webgunean kontsulta ditzakezue: http://101l.ahotsak.eus/
Hainbat jatorritako pertsonak ari gara elkarrizketatzen. Gehien-gehienak hemen bizi direnak, baina baita Euskal Herrira bisitan datozenak ere. Bideoz grabatzen ditugu elkarrizketak, eta hiztunei galdetzen diegu ea: nondik datozen, nola bizi duten eleaniztasuna, zein den euren harremana euskararekin, integrazioari buruz duten iritzia… Eta era berean, oinarrizko hitz batzuk ere jasotzen ditugu. Elkarrizketatuek euskaraz edo gaztelaniaz erantzuten diete galderei, eta segidan beraien jatorrizko hizkuntzan ere bai.
101 L proiektua Badihardugu euskara elkarteak sortua da, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan izandako eskarmentua baliatuta.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.