Rudolf Trebitsch-en euskal grabazioak (1913)

Rudolf Trebitsch etnografo austriarraren lana XX. mendearen lehenengo erdialdeko euskalari europarren mugimenduaren barruan kokatu behar dugu. Garai hartan, euskal gaiekiko interesak sekula ez bezalako indarra hartu zuen Europan, batez ere, Alemania, Austria, Belgika, Bretainia Handia, Espainia, Frantzia, Holanda, Italia, Polonia, Suitza eta Txekoslovakian, hango zenbait hizkuntzalari eta etnografo euskararekin eta euskal kulturarekin zaletu eta euskal gaiak ikertzen hasi zirelako, euskararen berezkotasunak erakarrita. Arlo horretan, goraipatzekoa da Eusko Ikaskuntzak, Julio Urkijok eta RIEV aldizkariak euskal gaiak mundu osora zabaltzeko egindako lana.

Rudolf Trebitsch Vienan jaio zen, 1876ko urtarrilaren 28an. Familia aberatsekoa zenez eta, medikuntza ikasi arren, antropologia eta etnologia maite-maiteak zituenez, zenbait bidaia egin zituen, bere diruarekin ordainduak, haren ustez desagertzeko zorian ziren zenbait hizkuntzaren soinu-grabazioak egin nahi zituelako: Groenlandia (1906an), Irlanda (1907an), Britainia (1908an), Gales, Man Uhartea eta Eskozia (1909an), eta Euskal Herria (1913an) bisitatu zituen. Bidaia horietara guztietara Zientzien Akademia Inperialaren Artxibo Fonografikoaren (edo “Phonogrammarchiv”) eta Vienako Museo Etnografikoaren mandatu bana eramaten zuen aldean: lehenengoak soinu-grabazioak egiteko eskatzen zion, eta bigarrenak, ordea, tresnak, artelanak, lanabesak eta gisa horretako gauzak biltzeko. Eta eskatutakoa zintzo-zintzo betetzen zuen Trebitschek. Bidaien ondoren, material hori guztia Vienara eraman eta aipatutako artxibo eta museoaren eskuetan uzten zuen dena.

Lehenengo Mundu Gerran, 1914an, hots, Euskal Herritik etorri berritan, sendagile aritzeko errekrutatu zuten. Hurrengo urteetan, zenbait ospitale militarretan jardun zuen. Bat-batean etnologiarekiko harremana eten behar izan bazuen ere, bere gutun batean adierazten du bere eginkizunek uzten zizkioten tarteetan astia eta gogoa izaten zuela euskal etnologiari buruzko ikerketei segida emateko. Antropologia eta etnologia ez bezala, eritetxe militarretan egiten zuen lana ez zuen batere atsegin, bere kontzientziaren kontra zihoalako. Inguruabar haietan bizipoza urritzen hasi zitzaion, eta 1918ko urriaren 9an ezin izan zuen luzeago eraman bere egoera: Judendorf-eko erietxean bere buruaz beste egin zuen, Graz-etik hurbil, 42 urte zituela.

Euskal Herrira egindako bidaia hizpidera ekarriz, Groenlandiatik eta hizkuntza zeltak zituzten aipatutako herrietatik etorrita, Rudolf Trebitschek jakin nahi izan zuen ea bazen hizkuntza gehiagorik desagertzeko arriskuan Europan, bere grabaziogintzan jarraitzeko. Phonogrammarchiv-eko kolaboratzaile Hans Pollak-ek erantzun zion euskara zegoela egoera penagarri hartan. Hori nahikoa izan zen, Rudolf Trebitsch euskararen mundura hurbildu zedin. Bada, Hans Pollak-en erantzuna/iradokizuna jaso ondoren, 1912ko abenduan Trebitschek Hugo Schuchardt filologo aleman ospetsuarengana jo zuen, euskal etnologiaren arloan argitaratutako azken testuei buruz aholkua jaso nahi zuelako. Hugo Schuchardtek gai horretan aholkua eman ez ezik, Euskal Herrira etortzera animatu zuen eta bidaia prestatzen ere lagundu zion, Julio Urkijorekin harremanetan jarriz. Julio Urkijok eragin handia izan zuen Rudolf Trebitschen lanean, eta ez hori bakarrik: Trebitschen ikerketen norabidea berak markatu zuen. Inondik ere Julio Urkijo izan zen Trebitschek Euskal Herrian izan zuen laguntzailerik behinena. Donibane Lohitzunen zuen jauretxean eman zion ostatua Trebitschi, Euskal Herrian izan zen bitartean, hau da, 1913ko uztailaren 18tik irailaren 3ra bitartean. Euskal hiztunak, kantariak eta musikariak ere lortu zizkion fonografo aurrean hitz egin, abestu edo musika jotzeko, Rudolf Trebitschek euskalki guztien grabazioak egitea eta euskal etnologiaren bilduma bat osatzea zituelako helburutzat.

Bi asmoak ederki bete zituen  eta, horretaz gain, grabazio musikalak ere egin zituen, euskal ondare musikalaren adierazle. Julio Urkijok, gainera, Euskal Herrian zehar batetik bestera eraman zuen austriarra, bere autoan, grabazioak egin behar ziren tokietara. Grabazioetan esaten edo kantatzen zena transkribatzen eta itzultzen ere lagundu zion, gogotik lagundu ere. Bitxikeria moduan esan behar da grabazio horietan entzun dezakegula garai hartako euskal kulturaren zenbait pertsona nabarmenen ahotsa, besteak beste, Resurrección María Azkuerena, Pierre Broussain-ena eta Francisco Oianguren bergaratarrarena. Bestalde, euskaldun ospetsu batzuek ere lagundu zioten grabazioetako hiztunak lortzen, hala nola Telesforo Aranzadik, Gabriel Roby-k, Gregorio Mujikak, Julio Urkijok eta Resurrección María Azkuek berak. Baina grabazioen zer-nolakoak eta bidaiaren nondik norakoak ikusirik, beldurrik gabe esan liteke gehienbat Rudolf Trebitschen ekimenari eta Julio Urkijoren aholkularitza eta laguntza paregabeei zor dizkiela euskarak bere lekukotasun soinudunik garrantzitsuenetako batzuk, orain teknologia berriei esker denok entzuteko moduan jarri diren hauek hain zuzen.

Inaxio Lopez de Arana.

Austriako Zientzia akademiak argitaratu zuen materiala 2003. urtean
Argitaletxea: Verlaj der Österreichischen Akademie der Wissenschaften (OÄW)
ISBN13: 978-3-7001-3106-9
ISBN10: 3-7001-3106-2

Zintak

KodeaDataHizlariak
ZOK-002 1913 Faut , KatheriƱe Transkripzioaren ikonoa
Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia