Harginek izokin gutxiago jan nahi zuten
Deskarga:
Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan LES-032-016 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus
- Proiektua: Bortzirietako ahozko ondarea
- Data: 2000(e)ko urtarrilaren 01a
- Iraupena: 0:02:32
- Erref: LES-032/016
- Gaia(k):
Transkripzioa
Elizara, etorri omen ziren eliza hau bigarren kolpez egina… bi kolpez egina omen da. Eta bigarren kolpe horretan izan behar zuen, Ameriketatik etorri omen zen bat, oso aberatsa izanen zen nonbait, eta, haren diruarekin egin zen bigarren altxaldi hori. Eta nahi zuen, bai, eta nahi zuen… gehiago nahi zuen egin. Lesakako elizatik beheitian bada ermita bat han beheitian, Salbatore izena duena. Ermita hartan nahi zuen egin, harrizko bidea dena, tapatua, harriz, kondizioarekin: hura hiltzean sartzeko aldarean, Aita Santua edo holako bat sartuko balute bezala. Eta hura elizak ez zion… ez zion ametitu nonbait, oraingoa baino finagoa edo zer baitziren ere (…).
Eta orduan, bigarren aldi horretan, haren diruarekin altxatu zen horretan, ekarri zituzten harginak, klaro, hargin aunitz behar zituzten hor, eta arotzak ere, erremintak zorrozteko eta. Eta horko harria, eliza horretako harria atera izan behar du, Iturriko borda hor da baserri bat, han bada harrobi bat, eta harrobi hartan ateratako harria omen da hori. Gero pikatu eta klaro, pareta egin.
Eta, orduan omen zuten kondizioa paratua harginek, astean bi aldiz ez zieten izokina eman behar gehiago ez, bertzela ematen zieten egunero, nonbait ere izokina izaten zen hemen pilaka, eta kondizio hori omen zen.
Eta, harrobian ari zirenak, badakizu haiek bi egunez ez, hiruz-lauz edo emanen baitzieten ba izokina (…). Eta katiluaren ipurdian, katilutik jaten izanen zuten, katiluaren ipurdian paratu omen zion harginak, batek edo bertzek edo paratuak, eta paratzen omen zuen: “Nola jan, hala lan, Iturkordako harrobian”. (…)
Bai, gero hargin horiek, honat etorri eta nonbait ere ez zien konpontzen eze… kontratistarekin edo ze obra… nola egiten zuten, hori ez dakit, Estatua edo zer zen ez dakit. Eta orduan egin omen zuten bitarte, hemen ziren bitarte, ez dakit sei edo… zortzi hilabete edo urte bat edo zer, hor bada bertze etxe handi bat izena duena Borddenia, eta hura egin omen zuten bitartean, elegante aski etxea gainera.
Egilea(k):
Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?
Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!