Zumaiako Ahotsak aurkeztu dugu

2009ko abe. 2a, 23:32

Atzo arratsaldean Zumaian izan genuen ekitaldia. Ekitaldi gozo eta hunkigarria. Azken urteotan herrian egin den bilketa aurkezteaz gain, lekuko guztiei euren laguntza eskertu zitzaien. Azken batean, aurkezpena baino gehiago omenaldia izan zen atzokoa.

Zumaiako udalak hainbat egitasmo burutu ditu herriko ondarea jasotzeko. Horien artean azkenetako bat, herriko hizkera bildu eta zabaltzeko egitasmoa. Proiektu hori beka baten bitartez abiatu zen 2007. urtean. Hiru laguneko lantalde batek zumaiarren lekukotasunak jaso eta herriko hizkeraren inguruko ikerlan bat burutu zuen.

Hasierako bilketa horren ondoren, eta Badihardugu elkartearekin izenpetutako hitzarmen bati esker, azken hilabeteotan elkarrizketa gehiago egin dira Zumaian eta orain arte egindako grabazioak katalogatu, transkribatu eta sareratu egin dira. Guztira 30 grabaziotik gora egin dira azken 2 urteotan eta pasarterik interesgarrienak www.ahotsak.com/zumaia eta www.zumaia.net/ahotsak helbideetan ikusi daitezke.

Atzoko ekitaldian proiektuan parte hartu duten hainbat lagun bildu ziren. Alde batetik, proiektua gidatu eta bideratu dutenak: Iñaki Agirrezabalaga alkatea, Xabier Azkue euskara teknikaria, Nerea Epelde euskara zinegotzia eta Asier Sarasua Badiharduguko presidentea eta Zumaiako elkarrizketak biltzen aritutako. Beste alde batetik, proiektuan parte hartu duten herritarrak eta euren senideak. Udaletxeko Areto Nagusia goraino bete zen.

Zumaiako alkateak azaldu zuenez, "aurkezten ari garen lan hau euskararen aldeko lanean egindako urrats bat gehiago izango da. Udalak hainbat lan egin izan ditu arlo honetan, baina lan horiek osatu eta biltzeaz gain, kontuan izan behar dugu zeinen inportantea den hori zabaltzea". Ondoren, Xabier Azkuek azpimarratu zuen "ez dugu asmatu herriko hizkera zeinen inportantea den transmititzen. Eta alde horretatik, euskarari eusteko deia egingo nieke herritarrei, seme-alabei erakusteko, jasoko duten herentziarik politenetakoa izango delako".

Ondoren, Juan Luis Romatetek eta Joan Maiak ekoitzitako bideo bat ikusteko aukera izan zen eta Maiak pare bat bertso ere bota zituen. Eta, amaitzeko, proiektuan parte hartu zuten herritar guztiei eskerrak eman zitzaizkien eta grabazioen kopia bana eman zitzaien, txalo artean.

Eta orain arteko lana, nola ez, Ahotsak.com/zumaia atalean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia