Zer egin Oñatin noka modan jartzeko? Ezagutu herritarrek diotena!

2020ko urr. 14a, 10:27

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da. Hori nola lortu daitekeen azaltzen dute elkarrizketatu ditugun hainbat herritarrek, prestatu dugun bideo honetan

Noka gainbehera joan da azken hamarkadetan, toki guztietan. Apurka-apurka indarra galtzen. Ez zen emakume finentzat. Transmisioa eten egin zen. Hori bai, orain badirudi badagoela nokaren aldeko haize bat. Ikuspegia aldatzen ari dela. Jada ez dela lotsarazteko arrazoia. Justu kontrakoa: nortasun-marka izan daitekeela. Oñatin hainbat herritar elkarrizketatu genituen Ingo xonau! proiekturako, eta noka modan jartzeko zer egingo luketen galdetu genien. Haien erantzunekin ikus-entzunezkoa gertatu dugu. Ea noka biziberritzen hasteko balio duen! 

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz, Oñatiko Udalaren babesari eskerIngo xonau! 54 herritar elkarrizketatu ostean, grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-eko lotura honetan ikus ditzakezue. 

Herritarren ideiak aintzat hartuta, otsailaren erdialdean Hikalaguna ipini zuten martxan Oñatin. 60 bat lagun animatu ziren, eta hainbat taldetxo sortu, astean behin elkartu eta hika jarduteko. Konfinamenduarekin, Hikalaguna ere bertan behera geratu zen, hitzorduak Oñatiko tabernetan izaten zirelako. Hori bai, uztailean hika-merienda egin zuten, eta irailetik aurrera Hikalaguna berriro martxan dago. Animatu parte hartzera!

Aurten hikako lehenengo ikastaroa ere antolatuko dugu, azaroaren erdialdetik aurrera, Jabetze Eskolan. Emakumeentzat izango da, behar handiena beraiek dutelako; ondoren, ikastaro mixtoak antolatzeko asmoa ere badago. 

Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratuko dugu, azaroan. Inprentarako bidean dago. Ez dadin egon hika ez ikasteko aitzakiarik. 

Jasotako testigantzekin beste hiru ikus-entzunezko ere prestatu genituen, aurretik. Galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa gertatu genuen iaz (ikus abenduko aurkezpenaren albistea) eta, aurten beste bi bideo plazaratu ditugu (hika norekin egin eta noka berreskuratu dutenen esperientziak). Hementxe dituzue hirurak:

Argazkian: iazko abenduan proiektuaren aurkezpenera animatu ziren Oñatiko emakume hikadunak. Argazkilaria: Itziar Bastarrika

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia