Zaldibarko euskararen inguruko webgunea

2012ko ots. 26a, 15:43

Duela hamarkada bat, 2002-2003 urte inguruan, Iñaki Gaminde ikerlaria Zaldibarren ibili zen bertako hizkera jasotzen. Ordukoa da "Zaldibar berbarik berba" liburua, Zaldibarko udalak argitaratua. Oraingoan, orduko lana sarean jarri dute, Zaldibar-euskaraz.com webgunean. Bertan ikus daitezke orduan jasotako guztiak: hitzak, kantuak, kantuak, Zaldibarko euskararen ezaugarri linguistikoak, eta abar.

Horrelaxe aurkeztu du webgune berria eta proiektua udalak berak:

Ehunka eta ehunka urtetan euskeraz berba egin daben herria da Zaldibar. Koldo Mitxelenak esan eban euskararen egiazko misterioa iraupena dala, ez jatorria. Zaldibartarrok be geure alea jarri dogu iraupen horretan eta harro gagoz. Bizi daitela ehunka eta ehunka urte gehiago. Horra hor gure konpromisoa.

Euskalduna izatea gizaki izateko beste modu bat besterik ez dala esan eban Joseba Sarrionandiak. Guk geure soinuak jarri deutsoguz euskarari. Gure hizkuntzak Zaldibarren hartzen daben janzkera beste euskal herrietakoaren antzekoa izanda be, euskera desberdin janzten da herri eta eskualde bakoitzean. Baita geurean be. Badago-eta aldea Eitzaga, Sallabente eta Olarreagako berbetearen eta Zaldibarko beste auzoetan egiten danaren artean.

Iñaki Gamindek bizitza erdi daroa hango eta hemengo euskeraren jantziak, koloreak, soinuak aztertzen eta batzen. 2002an gurean ibili zan. Berrogeiren bat zaldibartarren laguntzagaz berbarik berba ibili eban gure herria. Hurrengo urtean argitaratu zan bere beharra.

Gamindek ez eban aztertu Eitzaga, Sallabente eta Olarreagako berbetea. Batetik 1996an Fernando Aranbarrik egin ebalako behar hori Ermukoarekin batera eta, bestetik, alde haundia dagoelako beste auzoetan egiten danagaz alderatuta.

Liburu batean eta CD batean emon zan argitara 2003an Gaminderen beharra. Oraingoan amaraunean jarri dogu, honek dakarren guztiagaz. Hau da, web honetan sartu-urtenak egitean badogu aukera gure kontutxoak bertan izteko: berbak, argazkiak, iritziak. Gune bizi bat aurrean dozuna, euskera bera legez bizia, zaldibartarron berbetea legez bizia.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia