Urretxuko Lekaio Elkartearen grabazioak Ahotsak-en
2016ko urt. 7a, 18:24
Urretxuko Lekaio Kultur Elkarteak 2008tik 2014ra bitartean egindako hainbat grabazio katalogatu ditugu Ahotsak.eus-en. Katalogatutako hizlari gehienak Urretxukoak dira, baina badira Zumarragako lekukoak ere. Guztiek antzinako bizimodua eta ohitura zaharrak dituzte hizpide.
Urretxuko Lekaio Kultur Elkartea herriko kultur adierazpen desberdinak bultzatzeko sortu zen. Arlo ezberdinetako taldeak ditu bere barnean, eta talde horietako bat antzinako bizimodua eta ohiturak jaso eta gordetzeaz arduratzen da. Urtero gai zehatz bat jorratzen dute eta gai horren inguruko hainbat lekukotasun jasotzen dituzte, gero jendeari erakusteko. Xabi Lasak egiten ditu elkarrizketak, baina herriko baserritar talde handi baten laguntza du galtzear edo dagoeneko galduta dauden hainbat eta hainbat ohitura jendeari erakusteko ahaleginean.
Iazko udan sinatu zen Badihardugu Elkartearen eta Lekaio Kultur Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena eta, hitzarmen horri esker, lehenbiziko grabazioak katalogatu ahal izan ditugu, Lekaio Elkartearen grabazioak izeneko proiektuan. 2008tik 2014ra bitartean egindako elkarrizketa hauetan baserriko hainbat kontu jorratzen dira. Guztira 10 lekukoren 18 grabazio katalogatu ditugu. Hiztunetako zenbait Urretxu eta Zumarragako Ahotsak proiekturako ere elkarrizketatu genituen, esaterako, Joxe Leunda eta Euxebio Betegi urretxuarrak. Gisa honetako azalpenak ematen dituzte katalogatu berri ditugun grabazioetan ere:
Ahotsak proiektua elkarlanean oinarritzen da. Guk egindako elkarrizketez gainera, beste elkarte eta norbanako askok egindako grabazioak daude batuta gure artxiboan: 187 proiektu guztira. Izan ere, Ahotsak.eus Euskal Herriko ahozko ondarearen artxiboa da, online dagoena eta erabilera librekoa. Beraz, nahi duenak aukera dauka Ahotsak-en bildutako testigantzak erabiltzeko. Eta baita bere grabazioak gurera ekartzeko ere; horretarako, lankidetza-hitzarmenak egiten ditugu: guk zinta originalak jasotzen ditugu, digitalizatu eta sarean katalogatu. Egileari originala eta digitalizatutako kopia bat (zinta analogikoen kasuan) bueltatzen dizkiogu ondoren, doan.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.