Juan Antonio Urbeltz, 50 urte baino gehiago euskal dantzak biziberritzen
2021ko urr. 25a, 09:31
Juan Antonio Urbeltz folklorista eta ikerlaria elkarrizketatu dugu, Donostiako Ahotsak proiekturako. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.
Juan Antonio Urbeltz Iruñean jaio zen, baina Donostian bizi izan da ume-umetatik. Oso ezaguna da dantza munduan. Argia dantza taldeko zuzendaria izan zen, eta lan handia egin du euskal dantzak berreskuratzen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:
Juan Antoniok guraso biak nafarrak zituen. Hilabete zeukanean, baina, familia Donostiara joan zen bizitzera, Saguesera. Biteri eskolan ikasi zuen, Grosen. Gaztelania zen eskolako eta kaleko hizkuntza, eta etxean ere gaztelaniaz egiten zioten, aitak euskaraz bazekien arren; hari entzun zizkion euskarazko lehen hitzak. 18 urterekin Maria Dolores Agirre irakaslearengana jo zuen, euskara ikasteko asmoz. Euskal giroan murgilduta egon da gaztetatik: 1958an Goizaldi dantza taldean hasi zen, eta 1965etik aurrera Argia dantza taldeko zuzendaria izan zen, Marian Arregi emaztearekin batera. Euskal dantza eta musika tradizionala berreskuratzen lan handia egin zuten biek ere.
San Telmo museoan egin genion elkarrizketa, Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin. Hantxe egiten zituzten entseguak Argia taldekoek, sasoi batean. 2021. urtean 16 pertsona elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostialdeko kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.