Txaro Arteaga, euskarazko kazetaritza bultzatzen Donostian

2021ko aza. 2a, 09:32

Txaro Arteaga kazetaria elkarrizketatu dugu, Donostiako Ahotsak proiekturako. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Txaro Arteaga oso ezaguna da Emakundeko zuzendaria izan zelako, baina euskararen aldeko lanetan ere ibilbide polita egin du, bereziki irratian. Jazzaldia euskaraz aurkeztu zuen lehenengoa izan zen, eta Zinemaldian euskara sartzeko borrokan ere aritu zen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Donostiako Hondarribia kalean jaio zen Txaro. Ama Aranokoa zuten jatorriz, umetan Donostiara joandakoa bizitzera: Rich okindegian egiten zuen lan. Aita Tolosakoa zen, Iberdueroko langilea. Etxean jaso zuen euskara, baina kalean dena zen erdaraz. Baita eskolan ere: teresianekin oinarrizko ikasketak egin, eta Idazkaritza ikasi zuen Txarok. Ondoren Parisera joan zen frantsesa ikastera, 18 urterekin. Segidan Erresuma Batura joateko asmoa zuen, baina ama hil zitzaion, eta Donostian geratu zen. Herri Irratian lanean hasteko aukera izan zuen orduan, eta urte askoan ibili zen irratigintzan. Irratia euskalduntzeko lanean jardun zuen, eta baita Donostiako beste kultur emanaldi batzuk ere. 

Mugimendu feministan ere murgildu zen, 70eko hamarkadan, eta Emakunde sortu zenean, 1988an, bertako zuzendaria izan zen hainbat urtez. Horrek aurpegi ezaguna bilakatu zuen. Erretiroa hartu aurreko azken urteak irratigintzan eman zituen. 

San Telmo museoan egin genion elkarrizketa, Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin. 2021. urtean 16 pertsona elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostialdeko kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia