Santos Sarasola, Santo Tomas lizeoko zuzendari ohia, elkarrizketatu dugu
2021ko aza. 22a, 10:15
Santos Sarasolak euskararen alde egindako lana jaso dugu, Donostiako Ahotsak proiektuan. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.
Santos Sarasolak (Donostia, 1945) etxean jaso zuen euskara baina, Donostiako giro erdaldunaren ondorioz, atzenduta geratu zitzaion. Berreskuratu egin zuen, eta euskararen aldeko lanetan murgildu zen. Santo Tomas lizeoko irakaslea eta zuzendaria izan zen hainbat urtean. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:
Amara Zaharrean jaio zen Santos. Gurasoak Albizturkoak zituen, bizitzera Donostiara joandakoak: aitak gas lantegian egiten zuen lan. Asilo San Jose ikastetxean egin zituen lehen ikasketak Santosek, eta 11 urtetik 22ra Donostiako seminarioan egon zen fraidegai. Giro erdaldunaren ondorioz, umetan ikasitako euskara galtzen joan zen. Euskaltzaletasunak eraginda, berreskuratzea erabaki zuen: EUTGn ikasi zuen euskara, Patxi Altunarekin, eta baita bere kabuz ere. Filosofia ikasketak egin zituen, eta Santo Tomas lizeoan hasi zen lanean, irakasle moduan; gero bertako zuzendari izango zen. Easo abesbatzako presidentea ere izan zen.
Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.