Ramon Labaien, kultura eta politika uztartu zituen gizona
2013ko abe. 16a, 10:06
Ramon Labaieni gaur emango diote azken agurra, Tolosan. Bere bizitzako hainbat pasadizo entzun daitezke, bere ahotik, Ahotsak.com-erako egin genion elkarrizketan. Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilari eta Donostiako alkate izana, gizon estimatua zen oso.
Ostiralean hil zen Ramon Labaien Sansinenea euskaltzale eta politikari tolosarra. Gizon maitatua eta estimatua zen. Hitz ederrekin gogoratu dute askok. Guk ere ezagutzeko aukera izan genuen. Duela lau urte pasatxo egin genion elkarrizketa, bere etxean, Donostian. Atsegin eta gertuko, hainbat kontu kontatu zizkigun. Umetako ibilerak, politikagintzan emandako urratsak, bere pentsaera eta afizioak. Hark esandakoak Ahotsak.com-en dituzue orain.
Labaienek bazuen zer kontatua. Gertutik ezagutu zuen gerra aurreko kultur mugimendua, aitaren eskutik. Izan ere, Antonio Maria Labaien euskaltzale sutsua zen, Lizardiren eta Orixeren lagun mina.
Labaienek Jaunartzea egin, eta egun gutxira hasi zen gerra. Lapurdin erbesteratu ziren. Hantxe Elvira Zipitria eta Joxe Migel Barandiaran ezagutu zituen, besteak beste. Baita alemaniarren okupazioa ere. Bueltan, isilpeko biltzarretan parte hartzen hasi zen.
Kimika ikasi zuen Madrilen, eta gero Erresuma Batura joan zen lanera. Donostiara itzuli zenean, Londres hoteleko zuzendaria izan zen. Frankismoaren azken urteetan, politikagintzari heldu zion. Jaurlaritzako Kultura sailean egoteko aukera izan zuen gero, eta gogor lan egin zuen euskararen alde:
EiTBko lehen emisioak, HABE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzerti eskola... hainbat ekimen bultzatu zituen Labaienek. Pasarte honetan EiTB sortzeko izandako oztopoak aipatzen ditu:
Lehen nazioan sinesten zutela zioen Labaienek, eta ez alderdietan. Kultura eta politika banaezinak ziren harentzat:
Elkarrizketa osorik ikusteko, pasarte guztiak, Ramon Labaienen orrira jo dezakezue. Bera gogoratzeko eta hobeto ezagutzeko modu bat izan daiteke. Hainbat alderdi interesgarri baitzituen. Labaien kulturgilea, euskaltzalea, politikaria, historiazalea... eta berunezko soldadutxoak egitea maite zuena. Ba al zenekiten Ertzaintzaren lehen uniformea berak diseinatu zuela?
Asko idatzi da Labaieni buruz azken egunotan. Hona hemen Berriako eta EiTBko artikulu bana.
Doluminak familiari gure partez ere.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.