Puntueus, sareko gure ikurra
2010ko eka. 17a, 13:45
Interneten euskara eta euskal kultura ordezkatuko lituzkeen .eus domeinua zer den, zertarako balio duen eta lortzeko zein pauso ematen ari diren azaldu zuen atzo Iratxe Esnaola Informatikako ingeniariak, Koldo Mitxelena kulturunean. Hantxe izan ginen gu ere.
Puntueus ekimena zertan den, horixe esplikatu zuen atzo arratsaldean Iratxe Esnaolak, Bagera euskara elkarteak antolatzen dituen asteazken kulturalen baitan. Euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako webguneak bilduko lituzkeen domeinua lortzeko egitasmoa ez da berria. Azken lau urteotan hainbat pauso eman dituzte, katalanen ibilbideari jarraiki. Haiek 2004an eskuratu zuten .cat domeinua, eta eredu bihurtu dira hiztun komunitate askorentzat: euskaldunentzat ez ezik, baita bretoientzat, galiziarrentzat eta eskoziarrentzat ere.
ICANN erakundeak banatzen ditu Interneteko domeinuak, baina 2003tik ez dute eskaera egiteko eperik zabaldu. Igandean hasiko da urteroko bilera, Bruselan, eta ea orduan argibiderik ematen duten. “Azaroan irekiko ote duten zurrumurrua dabil, baina ezin da jakin...”. Urteak daramatzate zain. Hori bai, epea irekiko balute, prestatuta daude Puntues elkarteko kideak.
Hamaika talderen parte hartzearekin hasi zen Puntues elkartea, eta 60 talde inguruk osatzen dute orain: Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, EHU, Eitb, Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, Elhuyar, hainbat tokitako euskal etxeak... euskal kulturaren esparru guztiak daude ordezkatuta euskararen hiztun komunitatean. Muga geografikorik gabe. Gainera, 26.000 lagunen atxikimendua dute.
Eskaera egiteko 150.000 euro ordaindu behar dira, domeinua kudeatzeko enpresa bat sortu beharko litzateke (Puntues Fundazioa)… Merezi al du hainbesteko lana hartzeak? Zertarako balio du .eus domeinuak? Atzoko hitzaldian horiek izan ziren entzuleen kezka nagusiak. Esnaolak hainbat arrazoi eman zituen: komunitate baten ikurra izateaz gainera, sarean batasuna emateko bidea, ziur dago euskara eta euskal kultura bultzatzeko modu eraginkorra izango dela: “Komunitate katalanarekin horixe gertatu da”. Hasteko, edukien ehuneko jakin bat euskaraz izatea exijituko zaio bere webgunea .eus izatea nahi duen orori.
Proiektuari atxikimendua eman nahi dionak www.puntueus.org webgunean du aukera.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.