Piter Ansorena elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako
2021ko urr. 13a, 12:40
Donostiako parte zaharreko txistulari eta pailazo ezaguna elkarrizketatu dugu. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.
Jose Ignazio Ansorena (Donostia, 1953), Piter bezala ere ezaguna. "Mirri" pailazoa, plazagizona. Txistularia, konpositorea. Serioa, umoregilea. Kontalari bikaina. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:
Elkarrizketako bideo-pasarte guztiak, 50etik gora, hemen aurkituko dituzue.
Konstituzio plazan jaio zen, musikarako zaletasun handia zuen familia batean: Isidro Ansorena txistulari ospetsua zuen aitona, eta harekin egin zituen txistu-danbolin ikasketak. Don Eugenio Goya maisuaren eskolan ibili zen mutikotan, eta maristetan ere bai. Ondoren Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen, Deustun.
Gaztetxotan euskal giroan murgiltzen hasi zen, Kresala dantza taldearen bitartez. Hantxe sortu zuten lehenengo pailazo-taldea: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon. Txirri, Mirri eta Txiribiton etorriko ziren gero, 1984an: ETBrako “Don Don Kikilikon” programarekin hasi ziren, eta ibilbide oparoa izan zuten (gaur egun beren seme-alabek hartu dute lekukoa: Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldearekin). Telebistan showman eta aurkezle moduan ere ibili zen.
Hori bai, ogibidez musikaria da: txistularia eta konpositorea, Donostiako Kontserbatorioko zuzendari ere izan da. Irakasle lanetan ere jardun du ikastetxeetan.
San Telmo museoan egin genion elkarrizketa, Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.