"Periferiaren mugak" dokumentala estreinatuko dute gaur
2022ko eka. 20a, 15:38
Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuten Zizurkilgo Irati Egibar Izetak eta Irene Zaldua Tapiak, eta Berriozarko Ekhiñe Aizkorbe Zabalzak. Gradu Bukaerako lan gisa garatu zuten Periferiaren Mugak proiektua, ahotsak.eus-ekin elkarlanean. Lanaren emaitza den dokumentala gaur estreinatuko da, gaueko 22:00etan, Hamaika Telebistan eta hamaika.eus-en. Jasotako testigantzen bideo-pasarteak ahotsak.eus-en daude ikusgai.
Graduko lau urteetan bakoitzaren euskararen erabilpena oso presente izan zuten Egibarrek, Zalduak eta Aizkorbek, izan ere, unibertsitateko lagun bakoitza euskararekiko errealitate ezberdin batean bizi zela jabetu ziren. Hortik abiatuta, euskaraz hitz egiteko zailtasun edo oztopo gehien zuten herrietako egoera jaso nahi izan zuten, hau da, Euskal Herriko mugetako egoera.
Horretarako, euskal periferian bizi direnen testigantzak jaso zituzten; Lapurdiko, Nafarroa
Behereko, Zuberoako, Nafarroa Garaiko, Arabako eta Bizkaiko mugetako euskaldunak
elkarrizketatu zituzten. Guztira 13 lagunen lekukotasunak bildu zituzten 2021eko martxoaren 29tik apirilaren
29ra bitartean: Baionako Jurgi Ekiza eta Bea Salaberri, Barkoxeko Patrick Queheille, Bidaxuneko Dominika Mendiboure, Burgiko Ainhoa Elizalde, Erronkariko Koldo Viñuales, Gueñeseko Aitor Egiluz, Artziniegako Ana Kristi Gutierrez-Barquin eta Alberto Martinez, Artzentalesko Ander Uzelai, Tafallako Haizea Lizarbe, Zangozako Juan Pedro Aramendia eta aspalditik Oionen bizi den Andoni Landa azpeitiarra.
Elkarrizketak ahotsak.eus-en katalogatu eta landu ziren eta bideo-pasarte guztiak ikusgai daude Periferiaren mugak proiektuan. Lanaren emaitza den dokumentala, berriz, gaur estreinatuko da, gaueko 22:00etan, Hamaika Telebistan eta hamaika.eus-en. Proiektuaren inguruan egileei egindako elkarrizketa ere hemen ikusgai.
Lan honekin askotan ahazturan gelditzen diren euskaldunei ahotsa eman nahi izan diete, haiek egiten duten lana goraipatzeko. Eta, aldi berean, gordeta geldi dadila, euskara galdu zen lurretan, lan handia eginez, euskara berreskuratzea lortu dutela.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.