Pasaian, ahozko ondarearen lanketa bide onetik doa
2016ko eka. 2a, 12:19
Pasaian elkarrizketa gehiago egin ditugu, eta orain arte grabatutakoa lantzen ari gara. Dagoeneko 27 pertsona daude elkarrizketatuta, eta 558 bideo pasarte ikusgai, gure webguneko Pasaiako orrian. Gainera, hiru ikus-entzunezko ere prestatu ditugu, Pasaiako ikastetxeetan eta euskaltegietan erabiltzeko: saregileei, baxurako arrantzari eta euskarari buruzkoak.
Pasaian ahozko ondarea lantzeko lan polita egiten ari gara, pixkanaka-pixkanaka. 2010ean hasi ginen Pasaian adinekoak elkarrizketatzen, bertako euskara eta historia jasotzeko. Proiektua 2014ko abenduan aurkeztu genuen: orduan 20 pertsona zeuden elkarrizketatuta, eta jasotakoaren zati bat landuta. Elkarrizketekin jarraitu dugu azken bi urteotan, eta baita lanketarekin ere, Pasaiako Udalak hala erabakita. Horri esker, une honetan Pasaian 27 pertsona daude elkarrizketatuta, eta 558 bideo pasarte on-line, sarean ikusgai. Gainera, ikastetxeetan eta euskaltegietan erabiltzeko ikus-entzunezkoak prestatzen ere bagabiltza.
2014. urtera bitarte egindako lanek segida izan behar zutela iritzita, 2015 eta 2016 urteetan lanketarekin jarraitzea erabaki zuen Pasaiako Udalak. Hala, hainbat elkarrizketa egin ditugu, eta grabazio gehiago landu ere bai. Baita 100dik gora bideo pasarte berri sarean zintzilikatu ere. Pasaiako orrian aurkituko dituzue guztiak.
Landutako materialari hezkuntzan erabilpena ematea ere erabaki zuen Pasaiako Udalak. Transmisioa etxeko sukaldetik ikasgelara eramatea. Hala, hiru ikus-entzunezko prestatu ditugu, hiru gairekin lotutakoak: saregileak, Euskararen egoera Pasaian eta baxurako arrantza. Bideo horiek ikasgelan webgunean jarri ditugu, bideo-fitxa bihurtuta.
Euskararen egoera Pasaian:
Saregileen lanari buruzko ikus-entzunezkoa:
Eta baxurako arrantzari buruzkoa:
Azken hilabeteotan bost elkarrizketa berri egin ditugu: lau Pasai Antxon eta bat Trintxerpen. Izan ere, puntura arte Pasai Antxon ez genuen elkarrizketarik. Jabi Zubizarreta antxotarraren laguntza izan dugu kontaktuak egiteko.
Hori bai, oraindik ez ditugu aurtengo lanak bukatu: urte amaierarako 100 bideo pasarte gehiago egongo dira sarean, eta beste sei grabazio landuko ditugu: pasarte onenak identifikatu, laburpenak egin eta gaika sailkatu. Eta hezkuntzarako beste bideo bat prestatuko dugu. Hurrengo egingo duguna genero ikuspegia lantzeko izango da: emakumeen bizimodua Pasaian.
Ikus Pasaiako Ahotsen aurkezpenari buruzko albistea.
Irudia: proiektuaren aurkezpena 2014ko abenduan. Lehen ilaran, Anttoni Segurola, Claudia Sein, Florentino Legorburu, Gregorio Etxeberria eta Manuel Gereño pasaitarrak. (argazkilaria: Iñaki Berrio)
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.