"Ordiziako ahotsak" proiektuan parte hartu zuten lekukoei omenaldia

2013ko mar. 27a, 16:16

Ahotsak proiektuan elkarrizketatutako 25 lekukori omenaldia egin zitzaien atzo Ordizian, D´Elikatuz turismo zentroan. Ekitaldian, besteak beste, Maria Aierbe gazteak lekukoen pasarteekin egindako bideoa ikusi ahal izan zen.

2008an hasi zen Ordiziako ahotsak proiektua, Ordiziako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak hitzarmena sinatu zutenean. Alde batetik, lehendik herrian zeuden grabazio zaharrak jaso eta digitalizatu ziren; Larraitz Garmendiak eta Karmele Etxabek Ordiziako euskara lanerako egindakoak, esate baterako. Eta horrekin batera grabazio berriak ere egin ziren bideoz. Guztira 45 lekukoren testigantzak jasotzen dira Ahotsak.com-en, Ordiziako orrian. 2008tik hona grabazio horien lanketa egin da eta dagoeneko 810 pasarte kontsulta daitezke. Pasarte horietatik 374 ikusi ere egin daitezke, bideoa sareratuta baitute.

Atzoko ekitaldian proiektuan parte hartu duten lekukoei eskerrak eman nahi izan zizkien bai udalak eta baita Badihardugu Elkarteak ere. Belen Maiza alkateordeak eman zion hasiera ekitaldiari. Ahozko ondarea biltzearen garrantziaz hitz egin zuen Maizak, eta transmisioaren aldeko apustua egiteko proposatu zien bertaratutakoei. Ondoren, Aintzane Agirrebeña Ahotsak-eko kideak euren grabazioak lantzeko metodologiaren berri eman zien lekukoei, eta euren bizipenak kontatzeagatik eskerrak eman zizkien, beraiek gabe proiektua ezingo zelako gauzatu. Amaieran Izaskun Zubitur Ordiziako Udaleko euskara teknikariak Maria Aierbek lekukoen testigantzekin sortutako bideoa aurkeztu zuen.

Ekitaldiaren amaieran proiektuan parte hartutako lekukoei beren grabazioaren kopia bat eta Ordiziako euskara eta Ordiziako leku-izenak lanen ale bana eman zitzaien, esker gisa.

Albistea Goierriko Hitzan eta Udaleko webgunean.

 

Iruzkinak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Aranberri | 2013-03-28

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia