Oñatin Hikalaguna antolatzeko bilera, ostiralean

ots. 11, 2020, 1:23 p.m.

Hikalaguna eduki nahi? Aukera ederra daukazu orain, Oñatin. Etorri ostiraleko bilerara! Hika ikasi eta erabiltzeaz gainera, jende interesgarria ezagutzeko aukera izango duzu.  

Ingo xonau! proiektuak Hikalaguna ipiniko du martxan Oñatin. Horretarako bilera otsailaren 14an izango da, 19:00etan, Euskaldun Berria gelan. Hika dakitenak eta ez dakitenak elkartuko dira. Eta taldetxoak osatuko dituzte, gero berriketan jarduteko. Taldetxoak astean behin elkartuko dira, ordubetez. Nahi duten tokian eta orduan. Bi hilabeteko frogatxoa izango da. Bi hilabeteren buruan, afaria egingo dute guztiek batera. Esperientzia-trukea egiteko. Elkar ezagutzen eta hika praktikatzen jarraitzeko.

Hikalagunean parte hartzeko deia egin du Ahotsak proiektuko Idoia Etxeberriak, Hikalagunaren koordinatzaileak: “Dakitenak eta ikasi nahi dutenak, denak animatu daitezela. Berdin du oso gutxi edo ezer ez jakinda ere. Hitz egitera ausartzen ez direnei belarria egiteko balioko die”. Orain arteko lanketa batez ere emakumeekin egin badute ere, hikalaguna ez da emakumeentzat bakarrik izango: “Neska eta mutil, denetik egotea komeni da, bi errejistroak erabili ahal izateko”. Adin aldetik ere mugarik ez dago.

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, Oñatiko hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz: Ingo Xonau! Herriko hainbat emakume elkarrizketatu zituzten. Ahotsak-eko lotura honetan ikus ditzakezue. Testigantzekin galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa ere gertatu zuten. Abenduan egin zuten egindakoaren aurkezpena (albistea). Udazkenerako antolatuko dute hitanoko lehen ikastaroa. Bitartean, motorrak berotzen joateko, Hikalaguna.

Informazio gehiago twitter-en eta Instagram-en. 

 

Argazkian, abenduaren 14ko aurkezpenera hurreratu ziren emakume hikadunak. Argazkilaria: Itziar Bastarrika

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia