Memoriaren Astea, Amasa-Villabonan

2015ko mar. 27a, 09:29

Gerrako kontuei buruzko webgunea eta dokumentala erakutsiko dituzte gaur Amasa-Villabonan, Aritza kultur elkartearen ekimenez. Gerrarekin lotutako liburua ere aurkeztu dute, Memoriaren Astearen barruan. 

Amasa-Villabonan Memoriaren Astea egiten ari dira. Gaur goizean, gerrako kontuak batzen dituen www.amasavillabonaoroitzen.net webgunea aurkeztuko dute, pleno aretoan; arratsaldean, berriz, gerraosteari buruzko dokumentala erakutsiko dute, Gurea antzokian: Negar franko egingo zuen aitak.

Aritza kultur elkartean lau urte daramatzate gerrako kontuak ikertzen eta lantzen, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurretik erakusketa antolatu zuten, eta Frankismoaren aztarnak arakatzen I liburua eman zuten argitara, gerra garaiko agiri eta dokumentuekin osatua. Egindako lan eskergaren gainerako emaitzak Memoriaren Astean ari dira erakusten. 


Herriko oroimen historikoa batzen duen webgunean hainbat informazio jarri dute: agiriak, artikuluak, bloga, orduko pertsonaiei eta gertaerei buruzko informazioa... lotura interesgarriak ere bai, sareko beste webgune batzuetara (Gerrako Ahotsak, esaterako). 

Negar franko egingo zuen aitak dokumentala gerraosteko Amasa-Villabonari buruzkoa da. Gerraren ondorioak erakusten ditu, eta bizikidetza nola berreraiki zuten ere azaltzen du. Belaunaldien arteko transmisioa du ardatz. Bertha Gaztelumendi kazetariak zuzendu du. Gaur arratsaldean aurkezpenean izango da bera ere, azalpenak ematen. 19:00etan izango da emanaldia, Gurea antzokian. 

Aritza kultur elkarteak adineko hainbat herritar elkarrizketatu zituen gerrako kontuak jasotzeko, bideoz, eta grabazio horiek Ahotsak.eus proiektura ekartzea adostu dugu. Horrenbestez, laster Amasa-Villabonako orrian izango dira horiek ere, orain arte egin diren beste elkarrizketekin batera: Villabonako Ahotsak.

Memoriaren Astea asteartean hasi zen, eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Asteartean Frankismoaren aztarnak arakatzen II: Egiaren minak liburua aurkeztu zuten Subijana etxean, Esti Amenabarrok idatzia. Gerra garaian herrian gertatutakoa jasotzen da liburuan, gertaeren bilakaera eta gerra galdu zutenek jasandako injustiziak: fusilamenduak, kartzela, kargugabetzeak, isunak... Besteak beste Aranzadi elkarteko Paco Etxeberria izan zen aurkezpenean, eta egia jakiteko eskubideaz hitz egin zuen. Liburuaren aurkezpenari buruzko bideoa eta informazio gehiago, Aiurri aldizkarian

Asteazkeanean, Josu Chueca EHUko irakasleak erbestea izan zuen hizpide eta atzo Lourdes Herrastiren txanda izan zen, Aranzadi elkarteko antropologoarena: frankismoa eta emakumea izan ziren jorratu zituen gaiak. 

Datorren astean jarraituko du Memoriaren Asteak. Topaketa bat antolatu dute: Goyo Armañanzas mediku-sikiatrak traumaren transmisioaren lanketa egiten lagunduko die izena ematen dutenei, psikodramaren bitartez. Isiltasuna: traumaren sintomak jarri diote izena topaketari. Martxoaren 30ean eta 31n izango da hori. Astelehen arratsaldean, Armañanzasek berak idatzitako Fantasmas de nuestra guerra liburua aurkeztuko du, Subijana etxean. 

Memoriaren Astearen egitaraua eta informazio gehiago, besteak beste: Udaleko webgunean, Aiurri aldizkarian eta Tolosaldeko Atarian. Amasa-Villabonako gerra kontuak zehaztasunez ezagutu nahi badituzue, berriz: www.amasavillabonaoroitzen.net 





 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia