Memoria historikoaren lanketa, gizarte zientzietan

2012ko aza. 20a, 12:51

Memoria historikoarekin lotutako mintegia egin zuten ostiralean Ikastolen Etxean, Donostian: Sharing European Memories nazioarteko mintegia. Anoetako ikastolan eta Donostiako Santo Tomas lizeoan egindako proiektuak azaldu zituzten. Baita Europako beste herrialde batzuetakoak ere: Italia, Norvegia, Polonia, Eslovenia eta Erresuma Batua.

Nola landu memoria historikoa DBHn, gizarte zientzietan? Europako hainbat ikastetxetan horixe egin dute, aldi berean, eta ondoren esperientziak partekatu. Euskal Herrian, Aranzadi zientzia elkartea izan da bultzatzailea, eta Ikastolen Elkartea izan du bidelagun. Duela urte bi Anoetan egin zuten proiektua, eta iaz Donostian. 15-16 urteko ikasleek hiruhileko osoa eskaini zioten memoria lantzeari.

Anoetako ikastolan 50eko hamarkadako bizimodua aztertu zuten, gerraren eragina eta industrializazioa bereziki. Ikasleek herriko 30 pertsona elkarrizketatu zituzten, argazkiak eta dokumentuak bildu. Horrekin sei historia digital prestatu zituzten, eta ikuskizuna antolatu zuten herri osoarentzat. Santo Tomas lizeoan, berriz, familia oroitzapenak hartu zituzten oinarri moduan, Donostian kokatuta, 1950-70 urteetan. Elkarrizketak egin zituzten haiek ere, eta jasotako materialarekin (etxetresnak, irratiak...) erakusketa egin zuten. Guztira 103 ikaslek parte hartu zuten proiektuan.

Ostiraleko mintegian bi esperientziak esplikatu zituzten. Hortaz gainera, Pako Etxeberria Aranzadiko zuzendariak 36ko gerran fusilatutakoen deshobiratzeei buruz hitz egin zuen; azken 12 urteotako lana zabaltzearen garrantziaz. Jonathan Even-Zohar adituak, berriz, Euroclio elkartearen nondik norakoak azaldu zituen. Historia modu arduratsu eta berritzailean erakustea da euren helburua, pentsamendu kritikoa, errespetua eta ikasleen autonomia bultzatuz. 12 herrialdetako 63 erakunde daude elkarte horretan. Besteak beste, Europeana proiektua jarri dute abian.

Mintegia antolatzeko modua nahiko berritzailea izan zen. "Izotza apurtzeko" jolasak egin zituzten, eta hitzaldi guztiak ez ziren toki bakarrean izan. Parte hartzaileak bost gelatan banatu gintuzten, bai kafe orduan eta baita bukaeran ere, nazioarteko proiektuak ezagutzeko. Kafe orduan pantailan bideoak jarri zituzten, proiektu guztietakoak. Bukaeran, berriz, gela bakoitzean herrialde bateko ordezkariak zeuden, euren esperientzia aurkezten: Eslovenia, Polonia, Erresuma Batua, Italia eta Norvegia. II. mundu gerrari buruz, industrializazioa, identitatea... denek ez dute gauza bera landu.

Bertaratutako asko ikastoletako DBHko irakasleak ziren, gizarte zientzietakoak (irudian, mintegiko parte hartzaileak). Ingelesez izan ziren mintegiko saio gehienak. Mintegiari buruzko informazio gehiago, Aranzadiren webgunean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia