Mari Karmen Garmendia irakaslea, bide-urratzaile hainbat alorretan

2022ko urt. 24a, 09:03

Mari Karmen Garmendia elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Mari Karmen Garmendia (Ormaiztegi, 1947) Donostian bizi da 17-18 urte zituenetik. Magisteritza ikastera joan zen, eta geroztik bertan egin du bizimodua. Segituan hasi zen euskara erakusten, han eta hemen. Zeruko Argia astekarian iritzi-zutabeak idatzi zituen lehen emakumea izan zen. Politikagintzan ere nabarmendu da: Jaurlaritzako bozeramailea izan zen, Hizkuntza Politika sailburuordea eta Kultura sailburua. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Ormaiztegin jaioa, aita lazkaotarra zuen eta ama, berriz, Ormaiztegi bertakoa. Zazpi senidetan zaharrena da Mari Karmen. Guraso biek etxeko enpresan egiten zuten lana. Familia abertzalekoa, euskarazko liburu zein diskoak izaten zituzten etxean. Eskola publikoan ibili zen, gerraosteko urte ilunetan: gaztelaniaz eta hezkuntza oso frankista. 13 urterekin Frantziara bidali zuten, frantsesa ikastera, eta aldaketa handia izan zen berarentzat: gizarte moderno bat ezagutzeko aukera izan zuen.

Donostian egin zituen ikasketak. Magisteritza, Andereñoen Erresidentzian ostatu hartuta: irakasleak euskalduntzeko hezkuntza osagarria jasotzen zuten bertan. Euskarazko eskolak ematen hasi zen segituan. Euskarazko lehenengo udalekuak ere antolatu zituzten. Horretaz gainera, Rikardo Arregik bultzatuta, "Gazte naiz" sailean idazten hasi zen, Zeruko Argian, eta euskalduntze-alfabetatze eskoletan ere buru-belarri aritu zen. Santo Tomas lizeoan irakasle jardun zuen eta baita Elizbarrutiko Irakasle Eskolan ere.

Politikaria ere bada, EAJtik: Eusko Jaurlaritzako bozeramaile izan zen, Ardanza lehendakari zela, eta Hizkuntza Politikara sailburuorde, eta baita Kultura Sailaren buru ere 1995etik 2001. urtera. Bide-urratzailea izan da hainbat alorretan; baita bere ahizpa Elixabete Garmendia ere. Lehenengo emakumea izan zen Matia Fundazioko presidentetzan ere. Bi seme-alabaren ama da.

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Mari Karmenen grabazioko 46 bideo-pasarteak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia