Lola Valverde historialaria elkarrizketatu dugu, Donostiako Ahotsak proiekturako

2021ko aza. 29a, 09:08

Lola Valverde historialari feministak badu zer kontatua. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Lola Valverde Lamsfus (Donostia, 1941) historialaria familia euskaltzale batean jaio zen: amak ederki zekien euskara; aitak ez baina, ikasi zuenean, etxean denak euskaraz egitera behartu zituen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Grosen jaioa, guraso biak Errenteriakoak zituen, amaren abizena jatorri alemaniarrekoa den arren. Aita, Antonio Valverde “Ayalde”, margolari ezaguna zen, eta familiako Grafica Valverde inprimategian egiten zuen lana. Lola sei senidetan zaharrena zen. Irakurtzea asko gustatzen zitzaion, ume-umetatik, eta historia ere bai. Sagrado Corazón moja ikastetxean egin zituen Batxilergoa bitarteko ikasketak. Frantseseko titulua ere atera zuen... baina, garai hartan, emakumeei ez zegokien ikasten jarraitzea. 

Ezkondu eta ama izan zenean, konturatu zen hura ez zela nahi zuen bizitza: lanean hasi zen, frantseseko irakasle moduan, eta gero ikasten ere bai. Donostiako mugimendu feministako kide bihurtu zen, emakumeen eskubideen alde borrokatzeko. Historia ikasketak egin zituen, Nafarroako unibertsitatean, eta doktore tesia ere bai EHUn. Unibertsitatean historia irakasten jardun du geroztik. Bere ikerketetan historian ahotsik izan ez dutenei erreparatzen die bereziki, emakumeei eta umeei.

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Antton Valverde anaia ere elkarrizketatu dugu, musikaria. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia