Kutxa Fundazioa, Ahotsak proiektuaren bidelagun 2009tik
2024ko abe. 12a, 14:15
Kutxa Fundazioaren laguntza izan dugu aurten ere Ahotsak.eus egitasmoan, ahozko ondarea jaso, landu eta hedatzeko.
Badihardugu euskara elkartearen proiektu nagusiak, Ahotsak.eus egitasmoak, hainbat babesleri esker egin du aurrera urtez urte, 2003. urtean sortu zenetik. Kutxa Fundazioa da horietako bat. 2009-2012 urteen artean 2.000 elkarrizketa egin genituen Gipuzkoan, Kutxaren Gizarte Ekintzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako babesari esker. Laguntza hura erabakigarria izan zen proiektua herriz herri zabaltzeko. 2020. urteaz geroztik Kutxa Fundazioa berriro ari da ahozko ondarea jaso, landu eta zabaltzeko egiten dugun lana diruz laguntzen. Gure lan ildoak ugaritu egin dira urteen joan-etorrian: elkarrizketak egiteaz gainera, euskara aztertzeko lanak eta euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak ere egiten ditugu. Diru laguntzak ezinbestekoak dira, lanean jarraitzeko ez ezik, baita jasotako ondarea ondo zainduta mantentzeko ere. Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibategia da, on-line dagoena eta lizentzia librearekin banatzen dena. Badihardugu elkarteko kideok egindako elkarrizketez gainera, beste hainbat elkartek eta norbanakok egindako grabazioak daude bertan. 371 herri, 6.600dik gora elkarrizketatu eta 74.300 bideo-pasarte sarean. Gure datu basean 9.330 grabazio dauzkagu guztira. Horiek egoera onean gordetzea bakarrik egundoko lana da: azpiegitura tekniko handia behar da, etengabe berritu behar izaten dena zaharkitua geratzen delako.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.