Klara Badiola aktorea, bere ibilbidean euskarak izan duen garrantziaz

2021ko abe. 13a, 10:05

Klara Badiola elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako. Pailazo moduan hasi zen euskaraz antzezten. Hainbat pelikula, antzezlan eta serietan ikusi dugun aurpegi ezaguna da. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Klara Badiola (Donostia, 1954) aktorea parte zaharrean jaio zen: etxean euskaraz hitz egiten zuten arren, ikasketak gaztelaniaz egin zituen. Unibertsitate garaian jabetu zen euskararen balioaz, eta aktore gisa izan duen ibilbide oparoan euskaraz lan egitea lehenetsi du beti. Zinema, antzerkia zein telebista, denetik jorratu du eta aktore ezaguna da: besteak beste, "Vacas", "Amama" eta "Nora" filmeetan parte hartu du. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Klararen ama Altzakoa zen, Herrerakoa, eta aita donostiarra. San Bartolome moja-ikastetxera joan zen umetan. Ondoren Filologia Erromanikoa ikasi zuen Deustuko unibertsitatean. Irakasle lanetan hasi bazen ere, une batean antzerkigintzari heldu zion. Xaribari pailazo taldeko kide zen eta, Herri Irratian haurrentzako programa bat egiten ari zela, 1981ean "Segoviako ihesa" filmean parte hartzeko aukera izan zuen. Antzerti Eskolan eman zuen izena, eta geroztik antzeztea izan du lanbide. Hasieratik zekien lanak euskaraz egitea garrantzitsua zela: nahiz eta ikusle gutxiago izan, bere hizkuntzan ari dela eta bere kulturan murgilduta dabilela sentitzen du euskaraz aritzen denean (pasarte honetan kontatzen du). 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Klararen grabazioko 39 bideo-pasarteak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia