Karmele Esnal andereñoa joan zaigu

2012ko mai. 31a, 16:43

Atzo hil zen Karmele Esnal, 79 urte zituela. Bizi osoa euskararen alde eman ostean, agur esan digu. Bai euskarak, bai haren ikasle izateko aukera izan genuenok asko zor diogu andereño Karmeleri. 2010ean egin genion elkarrizketa ahotsak.com-en, eta aukera izan genuen bere ahotik entzuteko horrenbeste urtean bildutako esperientziak.

 

Karmele Esnal. Andereño. Izena umezurtz dago izana gabe. Baina, orain, izana geratu da umezurtz Karmele gabe. Atzo hil zen, 79 urte zituela, eta atzean utzi du euskararen alde egindako lan oparoa; atzean geratu dira berak ereindako haziak; baina begi-bistan ditugu haietako batzuek emandako fruituak.

1932an jaio zen Orion; baina, 7 urte zituela, familia osoa Donostiara joan zen bizitzera. Han ikasi zuen batxilerra, San Bartolome ikastetxean; eta, geroago, Magisteritza ikasi zuen, Gasteizen hasi eta Donostian bukatuta. 1953an, Elbira Zipitria ezagutu zuen, eta harekin egin zituen praktikak. 1955ean, frankismo garaian bete-betean, isilpeko eskolak ematen aritu zen: hasieran, Amara auzoko Pedro Egaña kaleko pisu batean aritu zen, 7 ikasle zituela. Gerora, ordea, pisu hura txikiegia geratu zen, ikasleak gero eta gehiago baitziren; eta, 35 ikasle zituela, Artzain Onaren plazara lekualdatu zen. 1965ean, Donostiako Santo Tomas Lizeoa ikastolan hasi zen lanean; eta han, irakasle, administrari, zuzendari eta idazkari izan zen.

1997an, erretiroa hartu zuen; eta, hortik aurrera, ondo merezitako sariak eta omenaldiak jaso zituen: Euskaltzaindiako ohorezko euskaltzain (1998), Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkide (1998), Anton Abbadia sariaren irabazle (1999)… Horrenbeste urteko lan isilaren trukean, esker ona baita Karmeleri eman diezaiokegun gauzarik zintzoena. Eskerrak euskara maitatu izanagatik. Eskerrak besteoi maitasun hori helarazten jakiteagatik. Eskerrak maite denaren alde lan egiteak ematen duen duintasuna zer den erakusteagatik.

Andereño Karmele, beti aipatzen zenituen “Ondo ibil” pastilla miragarriak zurekin izango al dituzu!

Kontalari aparta zen Karmele, eta bere andereño garaiaz gainera, beste hainbat kontu esan zizkigun:

 


Getaria eta Orioren arteko ika-mika, balea zela eta

 


Herriko orduko telefonoak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia