On Jose Migel Barandiaran gogoan

2011ko abe. 23a, 08:05

Aste honetan 20 urte bete dira on Jose Migel Barandiaran (Ataun, 1889-1991) hil zenetik. Hogeigarren urteurrena gogoratzeko hainbat ekimen, bideo eta artikulu ikusi ahal izan ditugu egunotan eta guk ere gure aportazio txikia egin nahi genuen, nola ez, horietako batzuk webgune honetara ekarriz.

Jose Migel Barandiaran Aierbe, aita On Joxemiel Barandiaran Ataunen jaio zen 1889ko abenduaren 31an, Perune-Zarre baserrian, eta Ataunen bertan hil zen 1991ko abenduaren 21ean. Antropologo eta etnografo ospetsua, XX. mendeko euskal figurarik aipagarrienetakoa izan zen.

Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen Barandiaranek. Biltzaile nekaezina zen, belaunaldi handi eta bizimodu baten amaiera aurreikusi zituena, eta horregatik jaso zituen desagertzear zeuden horrenbeste kondaira, ipuin eta esaera zahar. Euskal munduari oraindik bizirik dirauen ondare aberatsa utzi zion.

Ondorengo urteetan lan esparru horietan jardun dugun guztiok zorretan gaude ikerlari handiarekin.

Azken egunotan hainbat artikulu eta bideo ikusi ditugu, hedabide guztietan, Barandiaranen izena eta jarduna aipatuz. Horietako zenbait ekarriko ditugu gure webgune honetara.

Hasteko, ETB1 kateak 'Barandiaran Oroituz' dokumentala eman du Ataungo antropologoaren bizitza eta ikerketen inguruan. Euskal Telebistak bere artxiboetatik berreskuratu du 100 urte bete zituenean bere omenez egindako dokumentala. Bertan, Barandiaran oroitzeaz gain, Euskal Herriko kultura eta ikerkuntza arloan izan diren pertsona garrantzitsuak ekartzen dira gogora, euren lan eta ikerketaren lerro nagusiak gogoratuz. 'Hemen ikusi' (ordu eta erdi inguru).

Dokumentalak bereziki Joxemiel Barandiaranen biografia hartzen du ildo nagusitzat eta ikus-entzuleak hurbiltzen ditu haren bizitzara: Barandiaran nor zen, nolakoa zen, bere egon ezinak zeintzuk ziren, ikasketak, ikerketak, pentsaera, erlijioa zein zientzia uztartzeko zuen modua azalduz.

Ondorengo aurrerapena ere ikus daiteke EITB.com webgunean:

 

Bestalde, Euskonewsek ere arreta berezia eskaini dio datari eta pare bat artikulu sareratu ditu. Batetik, Jesus Altuna arkeologo eta Barandiaranen lagun izanari egindako elkarrizketa: On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zion heriotzari. On Jose Migel Barandiaran hil zela hogei urte betetzen dira 2011eko abenduaren 21ean, eta efemerideaz baliatuta, Ataungo jakintsu handia hoberen ezagutu zuen pertsona den Jesus Altunak Barandiaranen gain hitz egiten digu. Hamaika ordu eman zituzten elkarrekin euskal leizeak ikertzen, egun indartsua dugun arkeologia espezialitatearen oinarri sendoa jarriz.

Altunarekin batera, Asier Astigarragak ikerlariak ere lerro batzuk idatzi ditu Euskonewsen bertan: Barandiaranek ahozkotasunaz erakutsi ziguna. Barandiaranen lana kokatzean ikuspegi eta izenburu asko erabil daiteke: folklorea, etnografia, antropologia, aho-historia,... baina Astigarragak ahozkotasunaren inguruan egindako lana azpimarratzen du "Lekuonarengan ere nabarmen-nabarmena izan zen ikerlariak lekukoarekiko eta lekukoaren esanekiko zuen errespetu eta argitasun handia. Esanen ezagutza sakonetik eginiko transkribapenak ziren eta bereak".

Gure aldetik ere eskerrak eman behar dizkiogu Asier Astigarragari, www.ahotsak.com proiektu honendako ere oso hitz ederrak dituelako: "Talde askok eman dute lehen urratsa baina azken aldion ahotsak.com da ezinbestean aipatu beharreko egitasmoa. Eibarko Badiharduguren hasierako bultzatzaile lana izango ote da XXI. mendeko Eusko-Folkloreren pareko?"

Bukatzeko, Barandiaran Fundazioa ere aipatu beharko dugu, nola ez. Fundazioko presidente den Jose Mari Velez de Mendizabal Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilean egon da ikerlariaren bizitzaz hitz egiten. Elkarrizketa sarean dago entzungai.

Prentsa idatzian ere hainbat artikulu argitaratu dira, eta pare bat nabarmentzekotan, hona hemen Goierriko Hitzan eta Noticias de Alavan kaleratutakoak.

Argazkia: Jose Migel Barandiaran, Oñatiko Unibertsitateko klaustroan, 1979. urtean egindako omenaldian. Wikipediatik.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia