Irlandako ahotsak sarean, grabazio historikoak entzungai
2013ko aza. 4a, 14:52
Doegen proiektua Interneten jarri dute, mende hasieran egindako grabazioak: ipuinak, kantuak, otoitzak... aspaldiko ahotsak, eta haiekin batera desagertutako gaelikoko hainbat dialekto.
Irlandan 1928 eta 1931 bitartean egindako grabazio historikoak sarean jarri dituzte. Tionscadal Greasain Cheirnini Doegen webgunean Irlanda osoko 212 hiztunen ahotsak entzun daitezke, bertako hizkuntzan hitz egiten, gaeilgez.
400 audio pasarte inguru dira orotara, 17 probintziatan grabatuak: ipuinak, kantuak, Testamentu Berriko seme galduaren parabola, otoitzak eta hiztegia (zenbakiak, asteko egunak...). Denen eskura jarri dituzte, erabilera librearekin. Elkarrizketatuen datuekin osatutako fitxak ere ikus daitezke, jatorrizkoak, digitalizatuta. Artxibo multimedia hau Royal Irish Academy Library liburutegiak eta Digital Humanities Observatory elkarteak sortu dute. Webgunea gaeilgez eta ingelesez dago.
Zein da grabazio horien historia? Wilhelm Doegen (1877-1967) alemaniarrak egin zituen elkarrizketak. Baina nolatan? Doegen hizkuntza irakaslea zen, eta aitzindaria izan zen ahozko ondarea jasotzen. I. Mundu Gerran gerrako presoak grabatu zituen; 250tik gora hizkuntza eta dialekto jaso zituen hala, besteak beste gaelikoa. Grabazio horiek Berlingo Humboldt Univertsitatean daude, eta British Library liburutegian ere badute kopia bat. 1926an Irlandako gobernuko Hezkuntza Sailak Irlandan grabazioak egin zitzala eskatu zion Doegeni. Hala egin zituen orain sarean entzungai dauden grabazioak, Karl Tempelek lagunduta, 1928 eta 1931 urteen artean.
Argazkian, Wilhelm Doegen, grabatzeko aparatuekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.