Interneten kantutegi bateratua sortzeko ideiak partekatzen, Xenpelar dokumentazio jardunaldietan

2018ko mai. 3a, 11:25

Xenpelar Dokumentazio jardunaldien bosgarren edizioan parte hartu dugu. Euskal kantagintzaren ondarea Interneten, horixe zen aurtengo gaia, hausnarketarako hainbat bide zabaldu zizkiguna. 

Zer egin beharko genuke Interneten kantutegi bateratu bat sortzeko? Zer eduki izan beharko luke? Eta zein ezaugarri izan beharko lituzke? Horixe izan zen joan zen astean, apirilaren 27an izan ziren Xenpelar Dokumentazio jardunadien ardatza. Villabonako Mintzola zentroan 40 bat pertsona bildu ginen, online egongo litzatekeen euskal kantutegi bateratu bati buruz amesteko. 

Jardunaldien lehen zatian, Interneten dauden hainbat kantutegi ezagutzeko aukera izan genuen. Eusko Ikaskuntzako Amaia Cuendek, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Jon Baguesek eta Labayru Fundazioko Igone Etxebarriak hamar minutuko aurkezpen laburrak egin zituzten. Eta kantagintza lantzen duen irakasle batek, Itziar Irigoienek, eta bi musikarik -Pantxix Bidart kantari eta irratsaio egileak eta Maider Bedaxagar kantari eta liburuzainak- ere euren esperientzia kontatu zuten, beraientzat nolakoa izan beharko lukeen euskal kantutegi bateratu horrek. Tarte bizia eta interesgarria izan zen. 

Ondoren, lan saio bat egin genuen bertan bildutako guztiok. Talde dinamika polita gidatu zuten antolatzaileek, parte-hartzailea eta positiboa (kantutegia sortzeak ekar ditzakeen arazoak alde batera utzi genituen; helburua "kantutegi ideala" zirriborratzea zen). Elkar ezagutzeko jolas bat egin eta gero, launaka-bosnaka jarri, eta iritziak batu genituen, ondoren talde osoarekin partekatzeko. Giro ederra sortu zen, eta bazkalorduan jarraitu genuen iritziak eta jakintza trukatzen. Kantatu ere egin genuen, nola ez. 

Villabonan batu ginenok modu batean edo bestean kantagintza lantzen dihardugu denok: Badok.eus, Soinuenea.eus, bdb.bertsozale.eus... Gure kasuan, ehunka abesti, kanta-jolas eta bertso ditugu jasota Ahotsak.eus proiektuan, eta Kanten kantoia webgunea ere sortu genuen, bildutako abestien erakusleiho gisa. Bestalde, hainbat lanketa egin ditugu kantak eta kanta-jolasak ikastetxeetako umeei transmititzeko; lanketa horiek Ahotsak Ikasgelan webgunean ditugu jasota. Gurea eta kantak biltzen dituzten beste hainbat webgune bateratzea, horixe izango litzateke erronka. 

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago eta argazkiak, Mintzola webgunean. Jardunaldietan jasotako informazioa eta ondorioak ere laster jakinaraziko dituzte. Ea beste pauso bat emateko aukera dagoen, ametsak egia bihurtu ahal izateko. 

Argazkia: 2018ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietako parte-hartzaileak. XDZ

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia