"Internet eta hizkuntza aniztasuna" mintegia Bilbon, EHUren Unesco Katedrak antolatuta

2012ko mai. 19a, 13:46

Joan zen ostegunean, maiatzaren 17an, EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatuta, Internet eta hizkuntza aniztasunaren sustapena aztertzeko mintegia ospatu zen Bilbon. Hainbat herrialde eta hizkuntzatako ordezkariak izan ziren hizlari, eta Ahotsak-eko ordezkariak ere hantxe izan ginen. Hona hemen mintegi interesgarri horretako kronika txikia.

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatuta EHUren Esperientzia geletan ospatu zen “Internet eta hizkuntza aniztasuna” mintegian, Euskal Herriko eta atzerriko errealitateak ezagutzeko aukera izan genuen. Ongietorria eta aurkezpena, katedraren zuzendaria den Itziar Idiazabalek egin zuen eta ondoren Aragoi, Gales, Mexiko, Frisia, Asturias eta Zelanda Berriko errealitateak ezagutu genituen.

Mintegiari hasiera emateko, Zaragozako Unibertsitateko Juan Pablo Martinez Cortes doktoreak aragoieraren kasua izan zuen mintzagai, eta arriskuan dauden hizkuntzak indarberritzeko teknologia berrian erabilpena aipatu zuen. Azpimarragarria da 25.000 hiztun inguru dituen eta batez ere Aragoiko iparraldean, Pirineotan, hitz egiten den hizkuntza honek Interneten duen bultzada eta administrazio publikoetatik jasotzen duen babes txikia. Gogoan izan behar da aragoiera ez dagoela Estatuko hizkuntza ofizial bezela onartuta  eta UNESCOk desagertzeko zorian dagoen hizkuntzatzat hartzen duela.

Ondoren, Galeseko Aberystwyth Unibertsitateko Elin H. G. Jones galeserak Interneten duen erabileraren paisaia aurkeztu zigun.

Hirugarren aurkezpena Mexikotik izan zen, Carmen Gomez Mont, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakasleak, bideokonferentzia bitartez azaldu baitzizkigun komunitate indigenen agerrerak Interneten, batez ere nahuatl hizkuntzaren kasua aztertuz.

Atsedenaldiaren ondoren, auzkezpen benetan interesgarria Reitze Jonkman, Frisiako NHL eta Stenden Unibertsitateko irakaslearen eskutik. “Hizkuntza txikiak handitzen” izeneko aurkezpenean ikasle gutxi dituzten irakasgaiak emateko, edota ikasle gehiago lortzeko, bideokonferentziaren erabilpena sustatu zuen. Klaseak emateko bideokonferentzia erabiltzen duten Herbeheretako bi kasu azaldu zituen, frisiera eta matematika aplikatuak. Alde batetik frisiera ikasi nahi duten baina distantziaz urruti dauden ikasleak batzeko balio du bideokonferentzia bitartez emandako klaseak; eta bestetik, aukerako irakasgai den eta ikasle gutxi erakartzen duen matematika aplikatuak irakasgai bezala ez desagertzeko beste aukera bat ematen zaio, zentru desberdinetako ikasleak batuz.

Azken auzkezpena, Academia de la Llingua Astuarina-ko kide den Hector Garcia Gilena izan zen, asturiera eta teknologia berriak aztertuz.

Ondoren, mahai inguruan, CodeSyntax eta Sustatu.com-eko Luistxo Fernadezek Euskal Herriko errealitatea azaldu zuen.

Mintegia bukatzeko, Zelanda Berritik beste bideokonferentzia bat, Karaitiana Taiurun eskutik. Web eta online hedabideen aholkulari independiente honek, maoriek beraien hizkuntza indarberritzeko teknologia globalak nola aprobetxatu dituzten azaldu zuen.  

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia