Imanol Azkuek Zumaiako euskararen historia soziala ikertuko du

eka. 12, 2018, 10:30 a.m.

Zumaiako Udalaren beka lortu du, eta besteak beste Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak erabiliko ditu.

Imanol Azkue Ibarbia zumaiarrak jasoko du Zumaiako euskararen historia soziala ikertzeko beka. Martxoaren amaieran egin zuen deialdia Udalak, eta oraintsu jakinarazi dute bekaren egilea nor izango den. Hautagai bakarra aurkeztu zen, baina oso aproposa: “Oso egokia, txukuna eta iturri asko planteatzen dituena”, Lionel Joly (Euskaltzaindia) eta Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra) epaimahaikideen arabera. 

1766 eta 1966 bitarteko epea hartuko du ikerketak. Euskararen historiari buruzko informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatuko du Azkuek. Horretarako, era askotako iturriak erabiliko dituela aurreratu du: “Zumaiako Artxiboa (aktak batez ere), inguruko beste artxibategi batzuk, hemerotekak, ahozko lekukotzak (ahotsak.eus gunekoak tartean), gaiari buruzko azterlanak eta Zumaiari eta zumaiarrei buruzko lanak: historikoak, biografiak eta abar”. 11.000 euroko beka jasoko du, eta guztira 18 hilabeteko epea izango du lana bukatzeko. Ondoren, jendaurrean ere aurkeztuko du egindakoa.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia